Onartu beharra daukat: lau aldiz irakurri behar izan dut zure ekarpena, Eneko, ideiak eta, batez ere, kontzeptuak ongi ulertzeko. Eta nire konklusioa honakoa da (oker banabil, norbaitek zuzen nadila): zentrifugoa eta zentripetua diozun horretan, menderatzailea eta menderatua terminoak erabil ditzakegu?
Hortik abiatuta, hizkuntzara egin dut salto, aztertutako kulturen eta hizkuntzaren artean berdintasunak bilatu nahian eta, horietatik abiatuta, ideiak argitu nahian. Elebitasuna eta diglosia dira burura datozkidan terminoak. Elebitasuna banako nolakotasuna da; bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da. Diglosia edo elebitasun soziala gizarte-egoera da. Hizkuntza-komunitate batean bi hizkuntza edo bi hizkuntza-barietate desberdinen erabiltzea da. Hizkuntza edo barietate horiek esparru eta funtzio desberdinetarako erabiltzen dira; bata funtzio formaletarako (administrazioa, hezkuntza, ikus-entzunezko hedabideak...) eta bestea informal eta pribatuetarako (familia, lagunartea).
Maizenik egoera diglosikoa desorekatua da funtzio horien banaketa bidezkoa ez delako. Gainera egoera diglosikoa dinamikoa da, hizkuntza batek, menderatzaileak, hain zuzen, bestearen funtzio eta erabilera-eremu berri batzuk bereganatzen dituelako denboran zehar.
Eta, horra hor indarrak orekatzearen beharra.