Kaixo,
Osteguneko saioan, Ainhoarekin, kultura motak izan genituen hizpide, besteak beste:
- Masa kultura
- Herri kultura/kultura herrikoia
- Kultura instituzionala
Bakoitzaren ezaugarriak, zein oinarri duten, batetik besterako jauzia... Hausnarketa prozesuan murgilduta, gertuko hainbat adibide etorri zitzaizkigun burura, Euskal Herrian oso errotuta dauden hainbat usadiok zer nolako ibilbidea izan duten hausnartzeko aukera izan genuen: Kepa Junkera, Inauteriak, Gabonak...
Gogoan izango duzue Ainhoak zelan aipatu zuen duela gutxi lesakar batek idatzitakoa. Olentzero Lesakako pertsonaia izaki, Berako institutura joaterakoan izandako sentipenak aipatzen zituen, ondoko herrian bertan ez zutelako pertsonaia horren historia behar bezala ezagutzen. Horren berri banuela esan nuen nik; izan ere, horixe txiokatu zuena fakultatean ezagutu nuen eta oraindik ere badut bere berri. Hauxe da aipatu genuen horixe. Mikel Rodriguez da bera eta historialaria da, hori jakinik errazagoa da bere ikuspuntua ulertzea: https://mobile.twitter.com/MikelR28/status/944599610164736000
Irakurketa honek beste ikuspuntu bat ematen digu, ni neu konbentzitu ninduen, behintzat. Beraz, hau irakurri ostean, Olentzero non kokatuko genuke? Ziurrenik, lesakarrek beraien herrian kultura herrikoian kokatuko luketela eta gainerako herrietarako sailkapen hori aldatuko luketela, masa kulturalera (edo, agian, instituzionalera). Aurrez aurreko saioan Bilboko Olentzero bizarzuria ere aipatu zen, adibide gisa.
Gainerako euskaldunok, ostera, hau irakurri aurretik eta hau irakurri ostean, sailkapen bera egingo ote genuke? Zer pentsatua ematen du behintzat.