Kaixo,
Zure idatzia irakurritakoan burura etorri zait Hik Hasi aldizkarian orain dela gutxi irakurritakoa. Eskolako patioaren erabilerari buruzko artikulua zen. Honela esaten zuen: "Patioaren erdigunean gizonezkoak ibili ohi dira batez ere, gehienetan futbolean. Sarri, gainera, zelai horretan ez da edozein mutilentzako ere lekurik izaten; nagusienak eta indartsuenak gailendu ohi dira. Beste ikasle guztiak —ia neska denak eta mutil batzuk— futbol-eremu horren inguruan egon ohi dira, kontutan edo pasieran, ikasle kide gizonezkoei zentralitate eta protagonismo osoa emanaz.Gaur egungo patioen egiturarekin eta erabilerarekin kritiko diren ahotsek salatzen dutenez, jolas-denboran bazterrean geratzen diren ikasle horiek espazio publikoaren gune nagusia —eta bide batez boterea— mutil zaharrenei eta indartsuenei uzten ikasten dute, eta denboraren iraganaren poderioz, besteen jokoaren ikusle huts bilakatzen dira; pasibo, besteak ekintzaile diren bitartean. Hala, patioko periferietan dauden pertsona horiek eta haien jolas zein jarduerak bigarren plano batean geratzen dira eta gainontzeko kideentzat ikusezin bilakatzen dira.
Beraz, kontzienteki pentsatua eta diseinatua izan ez arren, esan daiteke patioak ere baduela bere curriculuma, ezkutukoa gehienetan. Izan ere, eskola-egunaren baitako denbora-librerik gehiena bertan igarotzen dute ikasleek eta bertan gertatzen dira haurren eta nerabeen arteko harreman ez-formalik esanguratsuenak: espazio publikoko rolak eta balioak erreproduzitzen dira. Hortaz, patioaren gaian eskurik ez hartzea edota ezer ez egitea, asko egitea izan daiteke: horrek gauzek lehen bezala jarraitzea eta status quo-a mantentzea esan nahiko luke, ikasleen artean dagoen aniztasunari muziz eginaz, eta haur zein nerabe denen premiak kontuan izan gabe".
Honekin esan nahi dudana da nire ustetan, eskola askotan bizikidetzaren inguruan "teoria" lantzen dela, denon arteko errespetua, hezkidetza, bulling-aren aurka, erasoaren kontra, ... eta horrelako gaiak landuz baina gero errealitatean, eguneroko patio orduan eta zuk azaldutako egoeratan bezala, ahaztu egiten zaigula benetako bizikidetza, bizikidetza erreala.