Beti pentsatu izan dut ikasle baten ikaskuntza prozesua esanguratsua izan dadin, ikaslea motibatuta egon eta lasai nahiz eroso sentitu behar dela. Albak bere hausnarketan aipatu bezala, ikasleak dituen beldur eta hutsuneekin, hau da, duen izaera eta ezaugarriekin onartua sentitu beharra dauka. Horretarako, ezinbesteko ikusten dut ikasleak bere inguruan dituen kideekin konfiantzazko harremanak izatea.
Ni neu irakasle lanetan, beti saiatu izan naiz ikasleen harremanei garrantzi handia ematen (edo hala uste izan dut orainarte behintzat). Berebeziko garrantzia duen baldintza dela deritzot. Tutoretza orduetan ikasleek beraien arteko erlazioak sendotzeko dinamikak planteatu izan ditut; behar izan denean klase ordua albo batean utzi eta beraien arteko gatazka nahiz kezkei tartea egin izan diet; nire beldur, kezka eta bizipenak beraiekin partekatu ditut... beraien arteko harremanak garrantzitsuak direla helarazteaz gain, konfiantza emanez ni neu ere hor nagoela adierazi nahi izan diet. Baina akaso, haratago joan behar dudalakoan nago. Eta hemen dator nik aldatu beharrekoa eta era berean nire ikaskuntza izan daitekeena: harremanen lanketa zeharka landu beharrean edukiak ikasteko helburuarekin, zuzenean harremanei garrantzia ematea edukiak aitzakitzat hartuta. Ikuspegiari buelta ematea litzateke, erabateko buelta alegia. Beraien artean konfiantzan lanean ikusi izan ditudanean, bata besteari lagunduz elkarlanean jardun dutenean, orduantxe izan da kurrikulumean proposatutako gaiak hobekien landu izan ditugunean. Hor dago gakoa, eta baita aberastasuna. Hala ere, ikuspegi aldaketa hau prozesu luze baten ondoren burutu daitekeela uste dut, lan eta saiakera asko egin eta gero alajaina. Izan ere, irakatsi al digute inoiz harremanen lanketa bultzatzen, zehazturiko edukien ikaskuntza sorraraziz?
Irizpide aldaketa honek ikasleen lasaitasuna eta erosotasuna bermatzeaz gainera, motibazioan ere berebiziko eragina izango lukeela uste dut. Hala ere, motibazio horretan eragiteko, ikasleen interesak eta nahiak kontuan hartzea ere garrantzitsua litzateke. Lana eskatzen duen zerbait da. Irakasleok “derrigortuta” gaude kurrikulumean finkaturiko edukien lanketa ziurtatzera, eta hala izanik, ikasleen desira horiek kontuan hartzea era berean eduki horien lanketa bermatzen dugularik, ez da lan erraza. Edota ez dugu horren praktikarik, nik neuk ez behintzat.