4. astea: Zer aldatu beharko genuke gure irakas-jardueretatik?

Barren-barrenerako iristen zaigun ikaskuntza

 
 
Oihana Amundarain-ren irudia
Barren-barrenerako iristen zaigun ikaskuntza
Oihana Amundarain - asteazkena, 2018(e)ko otsailaren 28(e)an, 12:45(e)tan
 

Ilusionismo Sozialetik lan egiten: Ikasgelako giroaz, Alba Ayucar ikaslea-ren blog-sarrera interes handiz irakurri dut. Unibertsitatean bizi izandako ikas-prozesuaren inguruko hausnarketa baikorra eta aberatsa da berak kontatutakoa, eta identifikatua sentitu naiz hein batean. Testuan irakurri eta argazkietan ikusi ditudanek, nire ikasle-garaietako oroitzapenetara eta euskaltegian irakasle ibiltzen nintzen garaietara eraman naute zuzenean: “Gure klaseak askotan kaosa irudika zezaketen. Musika jartzen zuen zenbaitetan irakasleak, taldeka hitzegiten inolako orden zehatz bat eraman gabe, zenbaitetan gela kanpoan edo belarretan… Baino kanpotik ikusitako kaos horrek guztiz zentzuzkoa den beste errealitate bat izkutatzen zuen”.

1998an Tolosako Laskorain ikastolan nenbilen Batxillergoko ikasketak egiten. Urte hartan, filosofia ikasgaia deskubritu nuen Fermin irakaslearen eskutik. Egia esan, begiak irekitze moduko zerbait izan zen filosofia ikasgaiak eskaini zidana: ordura artean, normaltzat jotako eskema ugari zalantzan jarri nituen, eta neure burua gizartean kokatzen lagundu zidan. Ez dakit filosofia ikasgaia izan zen edo Ferminen irakasteko modua eta guregana hurbiltzeko modua izan zen harrapatu ninduena, edo biak. Eguraldi ona egiten zuenean, esaterako, eskola-atarian eserita eztabaidatzen genuen filosofo handien dilemez. Orduan bizi izandakoak markatu egin ninduen.

10 urte geroago, Gasteizko IKA euskaltegian nenbilen: oraingo honetan, neroni irakasle. EGA titulua ateratzea helburu zuten hiru talde nituen nire ardurapean. Haietako askok denboratxoa zeramaten helburua lortu ezinik, eta motibazio handiegirik gabe jaso nituen ikasgelan. Irakasle-talde gazte eta ilusionatua bildu ginen euskaltegian, eta etsiak hartutako ikasle haiek euskarara hurbiltzea lortu genuen, eta, aldi berean, haien hasierako helburua gauzatzea.

Itxura batean, euskararen irakaskuntzarekin zuzeneko loturarik ez zeukaten ekintzak irudi zezaketen han planteatutakoek, baina fruituak ematen zituztela konturatu ginen denbora aurrera joan ahala. Ostiraletako saioak baliatzen genituen ikasketa esperimentala aurrera eramateko. Aldi batean, euskarazko poemak irakurri, ulertu eta barneratu ondoren, atril baten aurrean zutik jarririk, gelakideei irakurri zizkieten, gelakideak begiak itxita eta zapore gazi-gozo-garratzeko fruituak ahoratu bitartean; ondoren, sentsazioak, norberak testua eta zaporeen artean egindako loturak, oroitzapenak eta abarrak partekatu genituen.

Beste aldi batean, Jon Maia bertsolariak Korrika 16rako egin zuen Bidaia intimoak izeneko dokumentaletik abiatuta, nork bere euskararen bidaia intimoa azaldu zuen talde guztiaren aurrean. Azalpena egiteko, batzuek objektuak baliatu zituzten eta monologo eran aurkeztu, umorea erabiliz; beste batzuek hormirudiak sortu zituzten eta paperez egindako marrazkitxoak erabili zituzten narrazioan aurrera egiteko; baziren joko-taula moduan aurkeztu zutenak eta pertsonaitxoa erabili zutenak istorioak aurrera egin ahala hark ere aurrera egiteko… Proposamen erabat desberdinak egin zituzten: guztiak ere mimo handiz, ilusioz, eta sentimendu handiz prestatu eta azaldu zituzten. Bata bestearen istorioekin hunkitzera iritsi ginen. Ikasleek izugarri gozatu eta ikasi zuten tarte hartan.

Esango nuke ilusionismo sozialaren ertzetan genbiltzala aldi haietan; uste dut gure ikastetxeetako dinamikak halako zerbaitera hurbildu beharko genituzkeela.

 
Ainhoa Ezeiza
Er: Barren-barrenerako iristen zaigun ikaskuntza (Oihana, Nerea eta Aintzaneri erantzunez)
Ainhoa Ezeiza - asteazkena, 2018(e)ko otsailaren 28(e)an, 22:01(e)tan
 

Kaixo!

Pozten gara jakiteaz interesatu zaizuela gure proposamena! Egia da gauza asko dagoeneko egiten ditugula, edota bizi izan ditugula, edo agian eskolatik kanpo egiten ditugula...

Koxka da lurralde eta ordutegiak malgutzea eta eguneroko espazio eta denboretan gertatzen diren gauzetara hurbiltzea, bai bizikidetzagatik eta baita ere, noski, hizkuntzaren bizitasuna bere testuinguru errealetan lantzeko. Horrek denak gauza frexkoagoak egitera eramaten gaitu, gauza malguagoak, espontaneagoak.

Hiru bideo hauek etorri zaizkigu burura hitz egin duzuenari lotuta:

Espacios y tiempos: eguneroko espazio eta denboretan gertatzen diren "gauza ikusezinei" erreparatzeko bideoa:

https://vimeo.com/21292901

Desempoderamiento lingüistico: hizkuntza zer den eta gazteekin lantzeko moduen gakoak aipatzen dira adibide txiki batzuen laguntzaz

https://vimeo.com/188449458

Escuela comunitaria, escuela de calor: hau ez da gure eskoletan egiten duguna baina agian ideia batzuk emango dizkigu, Iruñan egindako lan komunitario baten emaitza da:

https://youtu.be/9pXqVzKKfe0

Besarkada bat!

Javier/Nahia/Ainhoa