4. astea: Zer aldatu beharko genuke gure irakas-jardueretatik?

Herri-mugimenduen eredua jarraituz

 
 
Oihana Amundarain-ren irudia
Herri-mugimenduen eredua jarraituz
Oihana Amundarain - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 27(e)an, 18:18(e)tan
 

Erortzeko beldurrez garelako eusten diogu elkarri
oinez ikasi orduko, hegan egiten ahantzi
zu zara orain urperatzen nauen beruna
beste dena, berriz, gorantz naraman zama astuna
aingura hegoduna

Aingura Hegoduna. Anari

Javier Encinak eta Mª Ángeles Ávilak “Jabe-gabetzea. Sarrera bat” artikuluan, jabe-gabetzea ulertzeko zortzi zutabe zehaztu dituzte, bata bestearen orekan bizi behar direnak: 1) Zaintzak; 2) Askatasuna; 3) Eraikitze kolektiboa; 4) Konfiantza; 5) Elkarren beharra eta autonomia; 6) Bizipoza; 7) Desazkundea; 8) Itxaropena.

Jabe-gabetzearen zortzi zutabeak irakurrita, eskola baino beste gizarte-egitura batzuk datozkit burura bizkorrago: Gasteizko gaztetxea, Hala Bedi irratia edo Errekaleor auzo okupatua, esate baterako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Curriculuma edo Batxillergokoa irakurrita, konturatuko gara anbizio handiko helburuak hartzen dituela bere barne (adibidez, “gizakiaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea dimentsio guztietan, gizabanako eta pertsona aktibo, kritiko eta arduratsu gisa, garapen sozialarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin konprometituta”), baina gaur egungo eskolaren iparra eta bizi-bizirik dauden herri-mugimenduena ez ditut parekatzeko modukoak ikusten. Ildo horretatik, ikusten dudanez, ilusionismo sozialak prozesu parte-hartzaileetatik eraiki nahi du eskola-eredua, gizarte justuago, anitzago, kohesionatuago baten ametsetik abiatuta, herri-mugimenduko zenbait egiturek eta eragilek egiten duten bidetik.

Bide beretik, artikuluan aipatzen diren zutabeetan gaur egungo gizartean zintzilik edo asegabe ditugun eginkizunak ikusten ditut islatuta: 1) Haur/adineko/etxegabetu/errefuxiatuen zaintzan dugun hutsunea; 2) Norberaren askatasuna besteren gainetik jartzeko ohitura; 3) Indibidualismotik abiatutako arrakasta pertsonala bultzatzea; 4) Lehiakortasunean oinarritutako gizartea balioestea; 5) Komunitatearen beharrari uko egitea; 6) Bizipoza ekonomia helburuen baitan neurtzea; 7) Etengabeko hazkundean sinestea; 8) Mundu hobe batean edo utopian ez sinestea.

Herri-mugimenduek lortu badute, eskolak ere lortu lezake, ala?

 
Irati Imaz-ren irudia
Er: Herri-mugimenduen eredua jarraituz
Irati Imaz - ostirala, 2018(e)ko martxoaren 2(e)an, 17:06(e)tan
 

Bat nator Oihana, egiten dituzun aipamen eta hausnarketekin. Hau da, eskola-eredua prozesu parte-hartzaileetatik eraiki nahi da, curriculumak esaten duen moduan, pertsona guztiek beren burua garatzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta lan egiteko behar dituzten gaitasunak garatuz. Hala ere, egungo errealitatean pixkanaka aldaketak ematen ari badira ere, ez dago guztiz barneratuta ikasleak parte-hartzaile aktibo izan behar duenik. Guzti hori neurri handi batean, ezartzen diren eduki eta programazioen malgutasun ezak ekartzen duelakoan nago.    

Luzatzen duzun galderari erantzun asmoz, herri-mugimenduek lortu badute, eskolak ere lortu lezakeela esan nuke. Hala ere, bi eremuak testuinguru ezberdin batean kokatuta egoteak, erabateko eragina duelakoan nago. Beste alde batetik, herri-mugimenduen kasuan, bertako kideak prozesuko protagonista sentitzen dira eta egiten duten horren inguruko emaitzak ikustean, aurrera jarraitzeko indarra ematen die. Eskola-ereduan aldiz, ildo hori jarraitu ahal izateko, irakasleok erabateko eskuduntza izatea ezinbestekoa ikusten dut eta behin hori izanda, gure artean denok norabide berdina jarraitzea eta erabateko konexio izatea.