Hirugarren aste honetako galdera nagusiari erantzutea ez da batere erraza, denen parte-hartzea bermatzea ia ezinezkoa baita. Ikasgela guztietan gertatzen da parte-hartze desorekatua izatea: batzuk larregi, hainbatek gutxi eta beste batzuk mutu.
Gure liburuxkako 36. orrialdean parte-hartze kontrolatua terminoa erabiltzen da. Ez ei da gizabanakoa komunikatzen, komunikazioak bereganatzen duen hori baizik. Ikasgelan sarritan bizi dudan errealitatea da hauxe berau. Parte-hartze orekatua lortzea berez ezinekoa dela iruditzen zaidan legez, zelan ez egin kontrolatua?Ikasturte honetan, esate baterako, tertulia dialogikoak egiten ditugunean, ikasle batzuk saio guztietan edo gehienetan jarrera pasiboa dute, ez dute parte hartzen. Badirudi derrigortu egin behar zaiela, nahiz eta jakin badakiten nahitaezkoa dela parte hartzea, euskaraz hitz egitea, gainditu ahal izateko. Hala ere, badirudi mehatxu horrek ere ez dituela on posiziora aldatzen. Hau konpontze aldera, mintegikide bat erabiltzen hasi den metodologia erabiltzen hasiko naiz aste honetan bertan, ea horrela behintzat egoera alda dezakedan. Kontatu dizuet eta emaitzak zer nolakoak izan diren.
Orain arte U forman eserita jartzen gara klasean tertulian gaudenean. Tertulia aurrera joan ahala, taldeak egitea da asmoa, asko hitz egiten dutenekin beste talde bat eginez. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, U hori u txiki bihurtzen joango da, gelan talde desberdinak sortuz eta denen parte-hartzea ziurtatuz- Zoritxarrez, kontrolatua eta derrigortua izango da. Baina ba ote dago formula idealik?
Ikasle batzuk ebaluatzerakoan, ez naiz gai beraien ahozko jarduna ebaluatzeko, ez dudalako horretarako daturik. Batzuen kasuen idatzizkoa dut oinarri (idazlanak, koadernoak, egunerokoak...), zer nolako hizkuntza maila duten ebaluatzeko, baina nire ustez hizkuntzaren irakaskuntzan horri ezin zaio zilegitasunik eman.