3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa

Itsasne II-ri erantzuna

 
 
Oihana Amundarain-ren irudia
Itsasne II-ri erantzuna
Oihana Amundarain - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 20(e)an, 10:54(e)tan
 

Nire irakaskuntza-eredua zuretik oso hurbil sentitzen dut. Euskarari gainean zamatuta duen pisu akademikoa kendu behar diogu: eskola eremurako soilik egina dirudien hizkuntza izatetik gure munduaren parte den eta, gutxi asko, gu denok definituko gaituen hizkuntza izatea lortu behar dugu. Egia da gure ikasgeletako ikasleen ADN kulturala oso, oso zabala dela, baina baldintza hori aberasgarri suerta liteke bakoitzak bereari eutsiz euskara eta euskal kultura bere egiten badu, euskarari eta euskal kulturari beretik ekarpenak eginez.

Horregatik, ados nago zurekin hitz corpusean oinarritutako irakaskuntzatik haragoko planteamenduak proposatzean. Euskara ez da museoko pieza bat: ez dugu erabili behar zaharra delako edo arbaso ezezagunak dituelako, bizirik dagoelako baizik. Ondorioz, ikasleei euskara garbi, zuzen eta arautua irakasten eman beharrean denbora, euskara eta euskal kultura buztina izango balira bezala moldatzen eta itxuraldatzen dela ikusarazten saiatu beharko ginateke, ikasle bakoitzak bere egin dezan. Kulturen arteko fusio interesgarriak baditugu jadanik gure sortzaileetan: , esaterako, eta gero eta gehiago eta desberdinagoak sortuko dira, baldin eta euskara eta euskal kultura beren egitea lortzen badugu.

Bide horretatik, uste dut, Itsasne, zuk proposatutako bidea emankorra izan daitekeela. Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan dioen bezala euskaltasuna kultur fluxua da, euskaldunok emari batetik edan dugu eta ondorengoek hala egingo dute. Kultur fluxu horrek zein bide edo kolore hartuko duen belaunaldiz belaunaldi egingo zaizkion ekarpenen baitan dago. Ainhoak ekarri zigun izebergaren ereduari jarraituta, izebergaren azpian zer dagoen azalarazi behar diegu ikasleei eskoletan; izebergaren bistan dagoenarekin bakarrik nekez ulertuko baitugu elkar.

Horretarako, ikasleei euskarazko iturri errealak hurbildu behar dizkiegu eskoletan. Interneten atari interesgarri asko dago, Euskal Herrian aurrera eramaten diren dinamika, proiektu eta ekimenen berri jasotzeko: euskal musika berria ezagutzeko (badok.eus), telebista saioak (Ur handitan, tumatxak…), irratsaioak, gaztezulo.eus, ahotsak.eus…, eta ikasleen interes/kezka/jakin-min/sentimenduetatik abiatuta, sortzaile izatera bultzatu behar ditugu. Haien barrenean zerbait piztea lortzean dago gakoa, barren-barrenetik adieraz daitezen.

 
Itsasne Gabriel-ren irudia
Er: Itsasne II-ri erantzuna
Itsasne Gabriel - astelehena, 2018(e)ko otsailaren 26(e)an, 00:07(e)tan
 

Oihana, zuk esan legez, "ikasleei euskarazko iturri errealak hurbildu behar dizkiegu eskoletan". Zuk hor aipatutako hainbat web orrialde erabiltzen ditut nik ere, hala nola, Ur Handitan, irratsaioak, Gaztezulo, ahotsak,...

Ur Handitan saioari dagokionez, aste honetan, esate baterako, iaz emititu zuten Transexualitateari buruzko saioa jarri diet. Saio hori baino lehen, sarrera modura, Governors euskal taldearen X&Y abestia jarri nien eta abestiaren gaia zein zen asmatu behar zutela esan. Behin hori eginda, Ur Handitan saioko Transexualitatea deitzen den atala jarri nien eta ikasleak saioa oso gustura ikusteaz gain (ez zigun dena ikusteko astirik eman, baina ikasleek etxean non amai zezaketen galdetu zidaten eta asko poztu nintzen, batetik, jorratzen den gaiarekiko interesa erakutsi zutelako eta bestetik, euskarazko saio batekiko interesa erakutsi zutelako), hausnarketa sakon eta interesgarriak bota zituzten.

Horiez gain, Berriako iritzi artikulu ugari ere eramaten dizkiet, lehenik irakurri eta gero, tertuliak egiteko. Asteazkenean, adibidez, "Gu pailazo" deitzen den iritzi artikulua eraman nien zirkua eta animaliei buruz hausnartu eta hitz egiteko.

Literatura edota euskalkiak lantzen ditugunean, euskalkiak.eus web orrialdeko lekukotasunak jartzen dizkiet, euskalki desberdinak entzuteaz aparte, eskolaz kanpo hainbat tokitan euskaraz hitz egiten dela, euskara bizirik dagoela konturatzeko.

Zuk esan duzun moduan, "haien barrenean zerbait piztea lortzean dago gakoa, barren-barrenetik adieraz daitezen" eta hori egiten saiatzen naizela eta askotan lortzen dudala esango nuke.