3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa

Ahozkotasuna eskolan

 
 
Nerea Goiria-ren irudia
Ahozkotasuna eskolan
Nerea Goiria - igandea, 2018(e)ko otsailaren 18(e)an, 17:37(e)tan
 

Ahozkotasuna eskolan izeneko testua irakurtzeak zer pentsatua eman dit. Oso testu interesgarria iruditu zait,  batez ere egunerokotasunean ikasgelan martxan jartzen ditudan dinamika batzuk zalantzan jarrarazi dizkidalako.

 Ahozkotasunak eta idatzizkotasunak ematen dizkiguten ikuspegien arteko azalpena irakurri eta gero, konturatu naiz sekula ez naizela zuzenean horri buruz pentsatzen jarri. Jakin badakit, batak eta besteak zer dakarren eta zelan lantzen diren, baina sekula ez dut ondorioetan hausnartu. Hala ere, esan behar dut, nik neuk lan egiterako orduan, ikastetxearen, auzoaren, herriaren, familien eta abarren errealitate soziolinguistikoa ere hartzen dudala kontuan. Ez nik bakarrik, denok berdin jokatzen dugulakoan nago; denok ez ditugulako erronka eta helburua berberak ezartzen ikastetxe guztietan, ezta ebaluazio irizpide berberak ere, bukaerako emaitza aniztasun horrek markatzen duelako.

 Sekula ez dudala honetan pentsatu diodanean honako buruz ari naiz:

Ondo pentsatu hitz egin aurretik“, “ez hitz egin ez baduzu argi zer esan behar duzun“, “lehenik ideiak pentsatu, prestatu, zirriborratu, horrela hobeto komunikatuko zara“… Eskolaren proposamena kontzientzia linguistikoa da, baina hain zuzen ere, ahozkotasuna inkontzientetik dator, idatzizkotasuna da kontzienteki pentsatu behar dena, idatzizkoaren adierazpenerako sortutako arauak betetzeko.

Aurten nagoen institutuko ikasle askok ez daukate euskaraz hitz egiteko aukerarik beraien egunerokotasunean eta ikastetxean tertulia dialogikoak ikasgai guztietan lantzeko dinamika dago martxan. Euskara eta Literatura arloan, neurean, tertulia hori prestatzeko tarte bat izaten dute, idatziz prestatzekoa, noski.  Testu honetan aipatzen dituen bi formatu hauek dira batez ere nire eskoletan erabiltzen ditugunak: ahozko aurkezpenak (monogestionatuak), eztabaida antolatuak (txandak erregulatuak dituztenak).

Beraz, zein aukera da egokiena? Orain artekoak ondo funtzionatu arren, agian beste urrats bat eman beharko genuke? Hala ere, tertulia horretan sortzen den eztabaida beti da bat-batekoa, hasierako hausnarketa delako garatua.

“Aniztasunaren trataera errazago egiten du ahozkotasunak, horizontalki eraiki daitekeelako eta enpatiak sorrarazten dituelako, elementu linguistikoak paralinguistikoekin eta semiotiko-kulturalekin elkartuz eta dimentsio anitzeko komunikazioak elkarren artean josiz”. Honako honekin guztiz ados nago, esperientziak hori erakutsi digulako. Idatziarekin oso gutxitan emozionatzen gara, baina ahozkoarekin askoz errazago. Noiz emozionatzen gara errazago? Liburu/artikulu, esaldi… bat irakurtzerakoan ala irudia duen lekukotasun bat edo filme bat ikusterakoan?

Esate baterako, duela 3 aste, tertulia dialogikoa egiterakoan, gela bateko ia ikasle guztiek negarrez bukatu zuten: tertulia izatetik terapia izatera pasatu zen. Eskuartean genuen gaiari buruz berba egiterakoan, ikasle bik proposatutakoa zena, ikasle batek bere esperientzia pertsonala kontatu zuenez, beste batzuk ere horrela jarraitu zuten. Bat-batean, ikasle batek eztanda egin zuen. Ez zenez gai euskaraz jarraitzeko, gaztelaniaz jarraitu zuen. Ez genuen euskaraz berba egitearen helburua bete ez, baina beste hainbat bete genituen, gizatasuna nagusitu baitzen. Irakaskuntzan daramatzadan urte guzti hauetan sekula bizi izan dudan momentu hunkigarriena izan zen, gogorra eta polita aldi berean. Idatziz jorratuz gero, ez genuen horrelako konplizitaterik ez  enpatiarik lortuko, seguru.

Ikuspegien ondorioek ere zer pentsa eman didate, horri ere ez diodalako sekula erreparatu. Hala ere, eta agian gaitik aldendu arren, beste kontu bat gogorarazi dit atal honek. Ume txikiak tartean ditugula, guraso asko eta asko ditut inguruan beraien hizkera “moldatzen” dutenak. Adibidez, nik nire seme-alabei sekula ez dizkiet “zakila” eta “alua” berbak esan, nire euskalkian ez direlako arruntak. Horien ordez “pitilina”, “tortola”, “pototiña”… ditugu eta era naturalean erabiltzen ditugu geuk zein 92 urte betetzear dituen geure amumak. Beno, bada nire lagun askok beraien umeei “zakila” eta “alua” hitzak erakutsi dizkiete. Nik hitz horiek eskolan eta idatziz jaso ditu beti, ez ahoz. Uste dut horrelako zerbait gertatzen dela idatziari ahozkotasunari gailentzen uzten diogunean.

 
Oihana Amundarain-ren irudia
Er: Ahozkotasuna eskolan
Oihana Amundarain - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 20(e)an, 15:28(e)tan
 

Bejondeizula, Nerea! DBH 3.mailako tertulia dialogikoan sortu zenuten giro intimoak ikasleen arteko harremanak sendotuko zituen, eta ziur nago talde-izaera irabazi duela ikasgelak. Giro horretatik abiatuta, ahozkotasuna indartuta aterako da aurrerantzean.