Landutako artikuluetan, hizkuntzaren irakaskuntzarako pare bat ikuspegiren inguruko aipamena egiten da. Alde batetik ikuspegi gramatikala izango genuke, hizkuntzaren kode eta egituran oinarritzen dena eta bestetik, komunikatiboa. Azken hau, komunikazio tresna moduan laburbilduko nuke, testuaren gramatikan oinarritzen delarik. Ikuspegi hauek eskoletan landu behar dira, baina hizkuntzaren ikaskuntza eskolaren egin beharra bakarra ez luke izan behar. Gurasoek hizkuntzarekiko duten jarrerak, zein tokian-tokiko egoera soziokulturalak eragina duelakoan nago. Nire ikuspuntutik, euskararen erabilera ikasleen egunerokotasunean normaltasunez txertatzea da benetako erronka.
Hezkuntzan irakasle moduan daramadan esperientzia nahiko laburra den arren eta teknologiako irakaslea naizen aldetik, esan beharrean nago irakasle batzuek hizkuntzaren lanketa, hizkuntzetako irakasleen lana bakarrik dela aipatu izan dutela. Pentsamendu hori ez dut konpartitzen eta oker daudela esango nuke. Nire bizipenetan oinarrituz, iazko institutuan euskara normalkuntza proiektuarekin eta orokorrean hizkuntzaren inguruan egiten zen lanketak zama handia zuen aldetik, zentro moduan eta ikasgai guztietan irakasleak konpromisoa hartzen genuen ebaluazio bakoitzean ikasleekin aurkezpen bat gutxienez egin eta grabatzekoa. Esperientzia berria izan zen niretzat, ikasgaian aurkezpenak egiten ditugun arren, grabatu eta ikasleekin eboluzioa eta hobekuntzak baloratzeko aukera izatea. Egia esan behar badut, kurtso hasieratik amaierara lortutako emaitzak positiboak izan ziren eta beraiek gogotsu hartzen zuten, bukaeran hobekuntzak nabaritzen zituztelako.
Dinamika hau aurrera eramatea errazagoa izaten da taldeak oso handiak ez direnean. Honez gain, hizkuntzaren erabilpena barneratu eta sendotzeko, ahozkotasunak baduela bere pisua esango nuke, praktikan jartzeko modua izanik.
Amaitzeko aipatu, hizkuntza lantzea denon egin beharra dela.