Ikuspegi estrukturalistatik ikuspegi dialektikorako jauzia hizkuntzen didaktikan izeneko artikulua irakurri eta gero hauxe da nire hausnarketa:
Hizkuntzen irakaskuntzan bi ikuspegi aipatzen ditu: ikuspegi gramatikala arabera eta ikuspegi komunikatiboa. Ikasle nintzela nik ikuspegi gramatikala ezagutu nuen batez ere, eta behintzat, hori uste dut. Ingelesa ikasterakoan, esate baterako, ikasturte guztietan, gramatika berbera ikasten genuen, berdin zuen zein mailatan, OHOn, DBHn, batxilergoan zein unibertsitatean. Gramatika fin-fin jorratu arren eta azterketak arazo barik gainditu arren, sekula ez naiz gai izan ingelesez berba egiteko, jariotasunez, naturaltasunez… Hizkuntzaren behar komunikatiboa ez genuen sekula jorratu, gramatikatik at ezer gutxi landu genuelako. Ondorioz, ez genuen ikasitako hori praktikan jartzeko aukerarik izan.
Nik izandako esperientzia pertsonal horretatik abiatuta, argi eta garbi izan dut beti, nik irakasle moduan ez nuela bide edo metodologia hori erabiliko. Momentuan konsziente izan barik, asko irakatsi zidaten irakasle horiek: zelan ez den irakatsi behar.
Euskal Filologia ikasi nuen eta euskaltegietan zein irakaskuntza arautuan irakasle izatea egokitu zait heldu zein nerabeekin. Nik ere urteen poderioz eskolak emateko modua aldatu dut, baliabideak ere asko aldatu baitira. Eta zelan ez, esperientzia da ikasbide eta eskolarik onena.
Gramatika bai landu behar da, noski baietz. Baina betiere erronka bati lotuta. Ikasleek ikasi duten gramatika hori erabilgarria dela ikusi behar dutenez, erabiltzeko aukerak eman behar dizkiegu. Askotan ez da erraza gramatika hori praktikara eramatea, baina biak bateragarri egiten saiatu behar gara, batez ere erakargarritasuna bilatzeko. Ariketak egitea ondo dago, hasiera batean, lantzen ari garen uler dezaten. Baina ariketak egitera mugatzen baldin bagara, non dago ikasitakoaren behar komunikatiboa? Parte-hartzea bermatu behar denez, nahitaezkoa da elkarreragina sortzea.
Ni ikuspegi biak uztartzen saiatzen naiz, betiere lekuak lekuko errealitatera moldatuta, ikastetxearen eta ikasleen egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar delako, metodologia berberak ez duela emaitza bera ematen batean zein bestean. Orain nagoen institutuan, adibidez, tertulia dialogikoak egiten ditugu. DBHko 3. mailan astean hiru saio ditugunez, hamabostean behin tertulia bat egiten saiatzen gara, ahal den heinean landutako hori erabiltzeko aukerak emanez (hala ere, helburu nagusia beraiek gai eroso batean euskaraz aritzea da, egunerokotasunean erdaraz bizi baitira). Era berean, parte-hartzea eta elkarreragina eguneroan lantzen ditudala esango nuke.
Ez da erraza formula magiko bat bilatzea. Baina irakasleon esku dago, ikasleak behatu, aztertu eta beraien behar izanetara egokitutako metodologia erabiltzea.