2. astea: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak

Julia Sallabank-en ekarpena

 
 
Oihana Amundarain-ren irudia
Julia Sallabank-en ekarpena
Oihana Amundarain - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 13(e)an, 16:52(e)tan
 

Ikaragarri interesgarria iruditu zait Berriak Julia Sallabank-i egindako elkarrizketa, material osagarri gisa zintzilikatu duzuena, “Hizkuntza kontrolatzeari utzi behar zaio” izenburupean: oso formatu laburrean, hizkuntzaren biziberritzeari eragiten dioten askotariko gaiak jorratzen ditu. Elkarrizketan berak aipatutako gai batzuen gainean iruzkin batzuk egin nahiko nituzke, eta mahai gainean jarri, zuek ere iritzia eman dezazuen:

HIZKUNTZA BIZIBERRITZE PROZESUAREN ARRETA ESKOLAN

Duela 50 urte euskararen berreskurapenerako oinarriak ezarri zirenean, euskalduntzearen ardura nagusia eskolaren gain ezarri zen, guraso euskaldun zein erdaldunen haurrak euskararen immertsio-ereduan murgilduta. Erabaki ausarta eta emankorra izan zen orduko hura, erabakigarria seguruenik euskararen biziraupenerako, baina ez ditu esperotako emaitza on guztiak eman. Euskararen ezagutza altua izatera iritsi da gazteen artean, baina erabilera ez da nahi bezain altua, oraindik.  

Periferiako adibide bat emate aldera, Gasteizen, 1986an, haurren eta gazteen hizkuntza-gaitasuna %9,4 eta %5,9koa zen, hurrenez hurren, eta, 2011n, %65,6 eta %34,1ekoa. Datuek erakusten dutenez, izugarria da 25 urte horietan Gasteizko haur eta gazteek izan duten bilakaera hizkuntza-gaitasunean. Erabileran, ordea, bestelako ikuspegia erakusten dute datuek: 1989an, %2,7 eta %5,9koa zen haurren eta gazteen euskararen kale-erabilera, hurrenez hurren, eta, 2016an, %2,0 eta %5,3koa. Alde batetik, aipatzekoa da hizkuntza-gaitasunaren eta kale-erabileraren arteko desoreka zenbateraino handia den, eta, bestetik, esanguratsua da nola ia hiru hamarkadaren ondoren euskararen kale-erabilerak gora ez baizik eta behera egin duen. Hizkuntza-gaitasunaren eta kale-erabileraren arteko arrakala, ordea, ez da Gasteiz mailako fenomenoa, Euskal Herri mailako datuetan ere antzekoa soma daiteke, eta adin tarte guztietan. Estrategia berriak hartzeko garaia iritsi da.

Julia Sallabank-ek, Joshua Fishman hizkuntzalari famatuaren ereduari jarraiki, elkarrizketaren bi edo hiru puntutan hizkuntza eremu akademikotik atera eta eredu sozialera eramateko beharra azpimarratzen du: zehazki, “familia” eremura. Haren ustetan, hizkuntza erabiltzen ez duten heldurik ez badago, ikasleek ez dute eskolatik kanpo euskaraz hitz egingo; beraz, fokua helduetan jarri behar da. Man Uharteetako biziberritze prozesua ematen du adibide gisa: itxuraz, 1974. urtean hil zen azken manera hiztun zaharra. Dena den, heldu talde bat hasi zen hizkuntza beren kabuz ikasten, seme-alabei transmititu zieten, irakasle gisa prestatu, zenbaitek ibilbide politikoa abiarazi hizkuntza bertatik sustatzeko…

Euskal Herrian, Gales eta Irlandaren antzera, ez ote diogu eskolari zama handiegia ezarri hizkuntzaren biziberritzean? Ez ote genituzke hizkuntza jarrerak gehiago landu beharko, eta beste eremu esparru batzuetan ere ez ote litzateke gehiago eragin behar?

HIZKUNTZA GUTXITUAK, MUNDU GLOBALEAN

Jarraian dituzue Julia Sallabank-en hitzak: “Pertsona batzuek pentsatzen dute erabilgarriagoa dela hizkuntza handiak hitz egitea, baina ez dut uste horrela denik. Mundu globalean, tokiko ezaugarriek aldea eragin dezakete. Jendeak sentitzen du bere ezaugarri bereizgarriak galtzen dituela globalizazioak indarra hartu ahala; testuinguru horretan, hizkuntza jarrerak aldatzen dira. «Hizkuntza hau hemen baino ez denez hitz egiten, ez du ezertarako balio» pentsatzen zuten askok, baina, orain, «hemen baino ez da hitz egiten, hortaz, bakarra da munduan» pentsatzen dute.

Helduleku polita dirudi planteamendu honek euskarari beste begi batzuez begiratzeko; zer deritzozue?

 
Ainhoa Garmendia-ren irudia
Er: Julia Sallabank-en ekarpena
Ainhoa Garmendia - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 13(e)an, 21:59(e)tan
 

Man uharteetako berritze prozesuaren harira, iaz, Bizkaiko ikastetxe batean egon nintzen lanean eta kasu askotan gurasoen euskara maila euren seme-alabena baino hobea zen nire harridurarako. Nire ustez gurasoen lana ezinbesteko da eta jakin gabe ere beren seme alabei gure hizkuntzara hurbiltzen lagundu diezaiokete.

Esaterako, ikasle batek euskarako saio batean honakoa esan zuen: -Euskarak ez du ezertarako balio, inon ez da hitz egiten eta hau Espainia da. Ingelesaren inguruan galdetuta berriz -Internazionala da, erantzun zuen.  

Haur horrek ez dut uste ezer positiborik jaso duenik etxetik euskararen inguruan (ziurrenik negatiborik ere ez) eta jarrera horrek ez dio batere laguntzen. 

 

 

Itsasne Gabriel-ren irudia
Er: Julia Sallabank-en ekarpena
Itsasne Gabriel - igandea, 2018(e)ko otsailaren 18(e)an, 13:25(e)tan
 

Oso interesgarria hemen planteatzen dena. Nik ere hizkuntzaren biziberritzean eskolari zama handiegia ezartzen zaiola uste dut eta ardura hori gurasoek, gizarteak eta hedabideek (irrati, telebista, aldizkari, …) beregain hartu beharko luketela uste dut eta ikasleentzako eskolaz kanpo ere euskarazko eremuak sortu. Nik, euskara irakasle bezala, ahozkoari garrantzia ematen diodan arren, instituzio eta curriculumek planteatzen dutena bestelakoa dela esan behar da: fokoa erabat idatzizkoan jartzen dutelako.

Joan den hiruhilekoan, A ereduko ikastetxe kultur anitz batean lan egin nuen. Ikasleen artean 35 hizkuntza ezberdin baino gehiago hitz egiten ziren (ikus. beheko mapa), horien artean asko hizkuntza gutxituak zirelarik.

Haientzako euskarak ez zeukan inolako baliorik eta euskararen garrantziaz jabe zitezen, lehenik eta behin, beraien hizkuntzari garrantzia ematea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Planteamendu horretatik, pixkanaka-pixkanaka gauza ezberdinak egiten hasi nintzen, hala nola: euskara-norbere hizkuntza oinarrizko hiztegia sortu, norbere hizkuntzari buruzko euskarazko aurkezpenak, goian ikusten duzuen institutuko hizkuntza aniztasunaren mapa, Eskoriatzako Garabide Elkarteak emandako hizkuntza gutxituen hitzaldia (bertan, tamazigh eta guarania hitz egiten zuten bi hiztun etorri ziren guregana), hainbat hizkuntzatan sortutako abesti bat sortzea, beraien musika estiloko euskarazko abestiak erakustea, munduko hizkuntzei buruzko galdetegi bat betetzea, … Horrela, ikasleak, beraien ama-hizkuntzak bezala, euskarak ere balio bat zuela konturatzen hasi ziren eta horrek beraien (euskarako) ikas-prozesuan baita beraien nortasunaren eraikitzean positiboki eragin zuen. Hasierako "ez du ezertarako balio" horretatik, "euskara ikasteko interesa daukat" iritsi zirelarik.

Guzti hau esanda, nola eragin D ereduko ikastetxe batean euskararen biziberritzean? Nik argi daukat errepikapen sortzailea dela abiapuntua.

Itsasne Gabriel-ren irudia
Er: Julia Sallabank-en ekarpena
Itsasne Gabriel - igandea, 2018(e)ko otsailaren 18(e)an, 13:36(e)tan
 

Barkatu, mapa txertatu dut, baina antza denez, ez dut ondo egin. Orain mapa igo nahian nabil, baina ez dit uzten. 1'5MB ditu eta esaten dit, fitxategiaren tamaina gehiegizkoa dela. Norbaitek laguntzerik?

Nerea Goiria-ren irudia
Er: Julia Sallabank-en ekarpena
Nerea Goiria - igandea, 2018(e)ko otsailaren 18(e)an, 16:25(e)tan
 

Itsasne, saiatu zara konprimitzen?

Bestalde, gustura irakurri dut zure esperientzia; izan ere, niri ez zait inoiz batere erraza egin A ereduan ematen egokitu zaidanean, batez ere ikasleengandik jaso  izan dudanagatik, jarrera ezkorra eta batzuen kasuan erasokorra ere izan daitekeelako. Pozten naiz zuk zelan bizi izan zenuen, seguru nago lanketa ez zela batere erraza izan, baina ereindako uzta jaso zenuela nabari da. Aupa zu!

Itsasne Gabriel-ren irudia
Er: Julia Sallabank-en ekarpena
Itsasne Gabriel - igandea, 2018(e)ko otsailaren 18(e)an, 17:15(e)tan
 

Eskerrik asko, Nerea. Saiatu naiz bai, baina 364KBraino konprimituta ere asko pisatzen omen du. Pena, mapa polita da eta.

Bestelde, mila esker zure hitzengatik! Egia esan, erronka gogorra eta era berean aberasgarria bizi izan nuen A ereduko ikastetxe horretan. Gezurra esango nizuke, hasiera oso gogorra izan ez zela esango banizu, baina zuk esan bezala, apurka-apurka ereindakoaren uzta jaso eta amaieran, sekulako uzta jaso genuela konturatu ginen bai ikasleak, bai ni neu. Izan ere, elkarrengandik pila bat ikasi genuen denok.