Nire irakaskuntza-eredu edo ikuspegia gramatikala, komunikatiboa eta dialektologikoa dela konturatu naiz. Zoritxarrez, egungo hezkuntza-sistemak hala eskatuta, ikuspegi gramatikala eta komunikatiboa oso errotuta ditudala uste dut, baina era berean, ikuspegi dialektologikoarekin loturiko hainbat gauza egiten ditudala esango nuke, esate baterako:
- Iaz planteatutako proiektu bat datorkit burura: ikasleek 1936ko gerra edo gerraondoa bizi izan zuen norbait elkarrizketatu behar izan zuten eta elkarrizketa hori abiapuntu moduan hartuta, nahi zutena sortzeko aukera eman genien: batzuk komiki bat marraztu zuten, beste batzuk bertsoak, idazlanak, olerkiak, ... idatzi edota bideoak sortu zituzten. Jakintza indibidual eta kolektiboak baliatuz, errepikapen sortzailean oinarritutako zerbait sortu zuten. Lan honekin adierazpen artistikoa, plastikoa, afektiboa... landu zuten.
- Abesti, testu, dokumental, bideo, telebista edota irrati saioak oinarri hartuta, gai bat planteatzen diet eta bakoitzak horri buruz nahi duena esaten du: iritzia eman dezakete, gai horrekin lotutako bizipenen bat kontatu, gai horrekin nolabaiteko zerikusia daukan beste adibideren bat azaldu, burura datorkien edozein motatako hausnarketa planteatu, ... Honela, guztien artean hizkuntza kolektiboki eraikitzen dutelarik.
- ...
Guzti hau esanda, hona hemen nire zalantza: eman ditudan bi adibideetan, ikasleek oinarri modura abiapuntu bat daukatenez, errepikapen sortzailean oinarritutako planteamendua egiten egongo nintzateke edo ez?