Hizkuntzak irakasterakoan, orain arteko ikuspegien laburpentxoa eginez hasten da lehenengo artikulua, gramatikala, batetik, eta komunikatiboa edo dialektikoa, bestetik, bereiziz. Ikuspegi horietan oinarritzen direla, dio, egungo metodologiak, beraz, ez dira bata bestearen baztertzaile, nik orain arte uste nuen bezala. Irakurtzen jarraitu ahala, berriz, are gehiago nahastu naiz, ikuspegi biak zaku berean sartzen dituelako. Baina, ez ziren, bada, bi ikuspegi eta ez bata bestearen jarraipena?
Puntu horretan, oinarrizko gaitasunen definizioetara jo dut, honakoa aurkituz: hizkuntza eta komunikazio gaitasunean, erreferentzia egiten zaio ahozko nahiz idatzizko hizkuntzaren erabilpenari, errealitatea adierazi, interpretatu eta ulertzeko, jakintza eraikitzeko eta komunikatzeko eta pentsamoldea, emozioak eta jarrerak antolatu eta auto-erregulatzeko egiten dena.
Orduan, honakoa ulertu dut: erabilpenaren aldeko metodologiak garatu nahi baditugu, estrukturalismotik aldendu behar gara. Estrukturalismo gramatikaletik zein komunikatibotik.
Helburua, mezua sortzea baino, komunikazio-egoera garatzea da. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleen profila ongi zehaztea. Ez da lan bera izango LH 6. mailako gela bateko ikasleekin ikasi beharrekoari emango diogun ikuspuntua edota Batxillergoan eman beharrekoa, esaterako. Are gutxiago, Nagusien Hezkuntzan, niri aurten egokitu zaidan lanpostuan eta, egia esan behar badut, hilabete batzuk behar izan ditut nire jardunera moldatzeko. Badakit EPA edo nagusien hezkuntza-sarea askori arrotz egiten zaizuela. Nik ere halaxe ikusten nuen, urrun. Euskararik jakin ez eta gela batean sartzen diren 20 ikasle (asko eta asko, jubilatuak) gogotsu eta langileri euskara hutsetik erakustea ez da, ez, lan erraza, euren buruak estrukturalismoan erabat garaturik baitaude (duten adinagatik jasotako hezkuntza horixe zelako) eta ikuspegi horretan bilatzen dute euren ikasketa-prozesuaren emaitza, bestelako metodologiak aintzatetsi gabe, ‘denbora-galtze hutsa’ direlako, haien esanetan. Aditzen taulak nahi dituzte, auzokide batek esan dielako tauletan oinarritzen dela euskara; euren ama hizkuntzarekin erreferentzia zuzenak bilatzen ari dira, itzulpena itzulpenaren atzetik…
Zer egin, beraz, gelan? Ez dut erantzunik bilatu. Beno, bai. Lehen Hezkuntzako irakasleok ez daukagu formakuntza nahikorik nagusien hezkuntzan jarduteko, baina hori beste eztabaida bat litzateke; luzea, luzeegia.