2. astea: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak

Irakaskuntza modua

 
 
Jon Bedialauneta-ren irudia
Irakaskuntza modua
Jon Bedialauneta - astelehena, 2018(e)ko otsailaren 12(e)an, 14:58(e)tan
 

   Hizkuntzen irakaskuntzan badut esperientzia, euskara irakasle gisa. Gainera, zailtasun batzuen aurrean aurkitu nintzen eta foro honek aukera emango dit zuekin partekatzeko.

   Bi ikasturtez aritu izan naiz lehen hezkuntzako 5 eta 6. mailakoekin lanean. Testuliburua batetik, eta internet bitartez aurkitzen nuen materiala tarteko landu izan dugu hizkuntza. Testuliburua oinarri izatea gustuko ez dudan arren, nahiko osatu eta dinamikoa iruditu zitzaidan berau aztertzen hasi nintzenean. Unitate bakoitzaren hasieran ulermena lantzeko ipuin labur bat. Ahozkoa lantzeko zenbait ariketa eta testu jakin baten ikaskuntza (deskribapena, albistea, bizipena…). Hala ere, zenbait arazoren aurrean aurkitu nintzen berehala. Alde batetik, ikasleen maila baxua iruditu zitzaidan, eta bestetik, euskara ez zitzaiela gustatzen aitortu zidaten. Ez zutela gustuko euskaraz mintzatzea. Asko kostatzen zitzaien nahi zutena adieraztea, ahoz zein idatziz. Hiztegi falta izateaz gain esaldia ezin bukatuta ibiltzen ziren aditz egokiaren bila. Gainera, testuliburuko ariketekin asko aurreratzen ez zutela konturatzeaz gain, aspertu egin zirela ikusi nuen. Horri euskararekiko zuten jarrera ezkorra gehituz gero, buruhauste bihurtu zen niretzako. Hortaz, asteroko dinamika aldatzea erabaki nuen: ostiraleko saioetan debateak egitea pentsatu nuen. Ikasleei beraien artean mintzatzeko aukera ematea garrantzitsua zela iruditu zitzaidan. Hala, astelehenetan beraien intereseko gai bat aukeratu, astean zehar gai horri buruzko lanketa egin eta ostiraletan eztabaidak egiten genituen. Ikasleak dinamikan inplikatuago ikusteaz gain, motibatuta eta gustora ikusten nituen eztabaidatzen. Nire lana moderatzea besterik ez zen, saio horietan beraiena zen hitza.

   Modu honetan lantzen genuen hizkuntza. Aspektu askoren inguruan buruari bueltak ematea ekarri zidan esperientzia honek; metodologia batetik, ikasleen motibazioa bestetik, irakaslearen rola arteko…

 
Oihana Amundarain-ren irudia
Er: Irakaskuntza modua
Oihana Amundarain - asteazkena, 2018(e)ko otsailaren 14(e)an, 23:53(e)tan
 

Jonek dio ikasleen euskararekiko jarrera ezkorrak eta interes faltak goitik beherako aldaketa izan zuela, eta ikasleak dinamikan inplikatuago ikusteaz gain, motibatuta eta gustora ikustera iritsi zela. Esperientzia oso laburra dut Bigarren Hezkuntzan hizkuntza eskolak ematen; beraz, berriro ere euskaltegian jasotako esperientziatik abiatuko naiz.

Gure euskaltegira euskara ikastera zetozen ikasle asko funtzionarioak edo funtzionariogaiak ziren (administraziokoak, Osakidetzakoak edota irakasleak); beraz, euskararekiko oso afektibitate- eta lotura-maila baxuarekin iristen zitzaizkigun. Gutxieneko titulua lehenbailehen eskuratzea izaten zuten helburu. Helburuarekin itsutzen eta estutzen zirenek nekez lortzen zuten emaitza emankor eta bizkorrik; helburua argi izanda, baina tartean lagunartea, gozamena, dibertsioa eta konplizitatea bilatzea asmatzen zutenek, haiek bai lortzen zituzten emaitza ederrak. Eta haietariko batzuk Gasteizko euskararen unibertso txikiaren parte dira gaur egun.

Oso bitxia zen ikustea nola elkarren artean zerikusirik ez zuten norbanakoak espazio berean bildu, eta, poliki-poliki, espazioa eta denbora partekatzetik talde izaera lortzera iristen ziren (ia beti). Talde-dinamikak, kafe-tertuliak, Tortillometroak, txapelketak, jolasak, tailerrak, psikologo-lanak eta abarrak erabiltzen genituen gure helburua lortzeko. Euskararen gramatikaren irakaskuntzak edota komunikazio ekintzetan oinarritutako atazak aurrera eramateak adinako garrantzia zuen aurrekoak. Esango nuke “convivialidad” kontzeptuak bere baitan biltzen duena lortzen genuela.

Lehen ere aipatu dut berri samarra naizela Bigarren Hezkuntzan, baina ikastetxez ikastetxe ikusi dudanak ez du zerikusirik euskaltegian bizi izandako esperientziarekin. Irakasle-ikasle, ikasle-ikasle eta irakasle-irakasleen arteko harremanak, oro har, ez dira hain trinkoak. Baliteke ikasleen adinak ere zerikusia izatea desberdintasun horretan. Euskaltegien eredutik badukagu zer ikasi.