Askotan, klaseetan erabiltzen ditugun testuak (bai idatzizkoak bai ahozkoak) helburu bakarra izango balute bezala tratatzen ditugu irakasleok.Blog sarreran aipatzen den bezala, ikasleek hiru helburu dituzte: mezua ulertzea, ideia nagusiak eta bigarren mailako ideiak identifikatzea. Zuzenketa ere modu berean egiten dugu beti: galdera bakoitzeko erantzun posible bat dago (nahiz eta erantzunaren forma desberdina izan, baldin eta informazio berdina ematen duen).
Baina erantzunak beste ikaskide batekin alderatzeko eskatzen diegunean, askotan beraien arteko eztabaida sortzen da, desadostasuna baldin badago elkarri laguntzen diote, erantzuna justifikatzeko argumentuak bilatzen dituzte, testua arakatzen dute... Irakasleok bigarren maila batera pasatzen gara eta hori izan beharko litzateke testuen lanketaren abiapuntua. Hau da, haien arteko eztabaida piztu eta beraien aportazioak nolabait monitorizatu.
Hala ere, testuak "modu tradizionalean" lantzen ditugu maiz, azkarragoa izan ohi delako eta programazioa betetzeko presa daukagulako. Hurrengo klasean galdetzen dugunean "zer ikasi/egin genuen aurreko saioan?" "testu bat". Ez dira testuaz haratago joaten, eta beraien errua al da? Guk behar bezala planteatu dugu eginkizuna?
Egoera hobetze / aldatze aldera, irakurketa dialogikoa egitea izango litzateke lehenengo pausua. Irakurketa dialogikoan, ikasleak irakurri, elkarrizketatu, hausnartu eta elkarrengandik ikasten dute. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, ikaskuntza eta partaidetzako oztopoak gainditu egiten dira. Nire ikasleei eskatu izan diet testuko esaldi bat aukeratzea, zailena iruditu zitzaiena, edo esanguratsunena... Eta gero beraien aukera justifikatu behar dute. Horrela, beste ikuspuntu batetik behatzen dute testua eta hurrengo saioan hautatutako hitza, esaldia etab. gogoratzen dute, beraz ariketa ez da azalekoa izan.