Kaixo,
Zure iruzkin hau "kultura herrikoiak baliabide sortzaile gisa" irakurri eta gero irakurri dut eta bat nator zurekin. Saiatuko naiz beste ikuspuntu batetik egiten nire ekarpena, zuk esandakoa ez errepikatzeko.
Irakurtzen ari nintzela, nik neure hausnarketa propioa egin dut. Nik ere "Inportanteena da harreman- moduak aldatzea, ez pertsonak. Hori da gauzak kultura herrikoietatik aldatzea posible egiten duten arrazoietako bat" esaldia aukeratu dut. Harreman-moduak aldatu dira, bai. Historikoki harreman horiek aurrez aurrekoak izan dira, ahoz gauzatutakoak. Beraz, ahoz jasotako eta transmititutako hori aldatu da. Ondorioz, ahozkotasunaren gainbehera hasi da. (nik nire buruan eskematxoa egin dut, ez dakit ondo azaldu dudan).
Gure ikasleekin konparatuz, nahiz eta ez izan adinean horrenbesteko alderik, nabari da aldaketa hori. Gure aiton-amonak ahozkotasunean jaso, hezi eta hasi ziren. Guk beraiengandik jaso genuen hori transmitituko ote diegu gure ondorengoei? Kontsumo gizartea sartuko nuke hemen, oinarrian hori dagoelako. Irratia bera adibidez, gaur egungo nerabeek ez dute entzuten, kontsumo-ohitura desberdinak dituztelako, kontsumo gizarte ezberdina.
Beste alde batetik gutasun eta ni sozializatu kontzeptuak ere azpimarratu ditut. "Masa kulturak babestuta, eguneroko bizitza modu desestrukturatu eta bertikalean gaindiarazten du" diosku. Kontsumo-gizarteak bihurtu ohi du gutasun hori ni sozializatuan. Gizartearen isla nabaria, gizartearen argazkia gero eta indibidualagoa baita zentzu zabalean. Honekin lotuta, garai batean herri eta auzo guztietan egiten ziren auzolanak datozkit gogora. Kultura herrikoian kokatuko nuke hori, atzean inongo instituziorik egon gabe, herritar hutsak zirelako hori koordinatu, bideratu eta aurrera eramaten zutenak; gaur egun, ostera, dena "goitik" egin behar denez, botere eta autonomia hori galdu dugu masa-kulturari bide librea hutsiz.
Interesgarria da bai, jarri duzun saioko audioa, DBHko ikasleekin klasean lantzeko egokia iruditu zait. Ikasbilen ere badago antzeko entzungai bat.