Ikuspegi gramatikal eta komunikatiboaren inguruan egin nahiko nuke nire lehen iruzkina, izan ere, muturreko ikuspegiak dira eta interesgarria da biak alderatzea.
Artikuluan aipatzen ez den puntu bati buruz idatzi nahiko nuke: erroren trataera. Erroreak eta akatsak desberdindu behar dira. Erroreak hizkuntzako arau bat ezjakintasunagatik gaizki erabiltzea da, akatsak, ordea, ez dira ezjakintasunagatik, baizik eta beste faktoreengatik: lapsus batengatik, urduritasunagatik.... adibidez.
Ikuspegi gramatikalean, bai akatsak bai erroreak ekidin behar ziren nahi eta nahi ez. Irakasleak berehala zuzentzen zituen eta uste zuten oso negatiboak zirela hizkuntzen ikaskuntza prozesuan. Metodologia komunikatiboak, ordea, ikasleak bere burua zuzentzea du helburu, horrek hausnarketa suposatzen duelako.
Nire ustez, akatsetatik asko ikas daiteke. Ikasleek denbora hartuko balute gure zuzenketak aztertzen, asko aurreratuko lukete. Hala ere, nota baino ez dute begiratzen askotan. Nik akatsei garrantzia handia ematen diet nire klaseetan. Ahozko aurkezpenetan apuntatu egiten ditut eta ondoren denon artean lantzen ditugu ahoz. Guztion artean hausnarketa moduko bat egiten dugu. Idatzizko adierazpenetan taula bat egiten dugu gaizki dagoen esaldiarekin, esaldiaren zuzenketarekin eta gogoratu behar duten araua idazten dugu.
Ariketa interesgarria dela uste dut, hizkuntzaren inguruko hausnarketa bultzatzen delako, hala ere, orain iruzkin hau idaztean pentsatzen ari naiz... Ez al dauka ariketa horrek estrukturalista kutsua?