Jonek dio ikasleen euskararekiko jarrera ezkorrak eta interes faltak goitik beherako aldaketa izan zuela, eta ikasleak dinamikan inplikatuago ikusteaz gain, motibatuta eta gustora ikustera iritsi zela. Esperientzia oso laburra dut Bigarren Hezkuntzan hizkuntza eskolak ematen; beraz, berriro ere euskaltegian jasotako esperientziatik abiatuko naiz.
Gure euskaltegira euskara ikastera zetozen ikasle asko funtzionarioak edo funtzionariogaiak ziren (administraziokoak, Osakidetzakoak edota irakasleak); beraz, euskararekiko oso afektibitate- eta lotura-maila baxuarekin iristen zitzaizkigun. Gutxieneko titulua lehenbailehen eskuratzea izaten zuten helburu. Helburuarekin itsutzen eta estutzen zirenek nekez lortzen zuten emaitza emankor eta bizkorrik; helburua argi izanda, baina tartean lagunartea, gozamena, dibertsioa eta konplizitatea bilatzea asmatzen zutenek, haiek bai lortzen zituzten emaitza ederrak. Eta haietariko batzuk Gasteizko euskararen unibertso txikiaren parte dira gaur egun.
Oso bitxia zen ikustea nola elkarren artean zerikusirik ez zuten norbanakoak espazio berean bildu, eta, poliki-poliki, espazioa eta denbora partekatzetik talde izaera lortzera iristen ziren (ia beti). Talde-dinamikak, kafe-tertuliak, Tortillometroak, txapelketak, jolasak, tailerrak, psikologo-lanak eta abarrak erabiltzen genituen gure helburua lortzeko. Euskararen gramatikaren irakaskuntzak edota komunikazio ekintzetan oinarritutako atazak aurrera eramateak adinako garrantzia zuen aurrekoak. Esango nuke “convivialidad” kontzeptuak bere baitan biltzen duena lortzen genuela.
Lehen ere aipatu dut berri samarra naizela Bigarren Hezkuntzan, baina ikastetxez ikastetxe ikusi dudanak ez du zerikusirik euskaltegian bizi izandako esperientziarekin. Irakasle-ikasle, ikasle-ikasle eta irakasle-irakasleen arteko harremanak, oro har, ez dira hain trinkoak. Baliteke ikasleen adinak ere zerikusia izatea desberdintasun horretan. Euskaltegien eredutik badukagu zer ikasi.