Kaixo denoi!
Aurreko ostegunetik zabalik dago bigarren asteko lan-proposamena, baina ikusi ez baduzue, hauxe da:
2018ko otsailaren 10etik 16ra bitarteko astea
Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak:
Ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Zergatik utzi behar diogu ikuspegi estrukturalistatik lan egiteari? Paradigma aldaketarako argumentuak. Hizkuntza "didaktizatzearen" arriskuak eta galerak. Nola egin dezaket lan ikasleekin eta ikasleengandik? (eta ez "ikasleentzat" edo "ikasleengatik"). Nola ulertzen da ebaluazioa ikuspegi dialektikoan?
Azpigaiak: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Ikuspegi dialektikoa eta ilusionismo soziala. Ebaluazioa, beharrak eta asebetetzaileak, eta konplexutasuna.
Aste honetan, hizkuntzen irakaskuntza-moduak birpasatuko ditugu. Zein eredutan oinarritzen duzu zure lana?
Hauek dira aste honetarako proposatzen dizkizugun irakurketak:
- Blog-sarrera hau, sarrera modura: Ikuspegi estrukturalistatik ikuspegi dialektikorako jauzia hizkuntzen didaktikan
- Ikuspegi komunikatiboa: wikipedian dagoen artikulu honek ondo islatzen du ikuspegi honen funtsa: https://eu.wikipedia.org/wiki/Ikuspegi_komunikatibo
- Ikuspegi dialektikoa: Partaidetza ereduetatik eraikitze kolektibora ikastaroko oinarrizko materialetik orrialde hauek irakurri:
- KULTURA HERRIKOIAK BALIABIDE SORTZAILE GISA izeneko atala (34-39. or.)
- NORABIDE ANITZEKO KOMUNIKAZIO EREDUAK izeneko ataleko orrialde hauek: 39-41
Bigarren asteko foroan, material hauetatik jasotzen dituzun ideiez gain, klasean erabiltzen duzun irakaskuntza-eredua edo ikuspegia azal dezakezu, edota pixka bat deskribatu edo kontatu nola ematen dituzun eskolak. Lan hau oso garrantzitsua izango da irakasleok jakin dezagun nola garatu ikastaroaren ildo nagusia, horregatik, nahi baduzu, kontatu baita ere zein diren zure kezkak edo zalantzak irakaskuntza-moduen inguruan.
Gogoratu: astean gutxienez bi mezu esanguratsu idatzi behar dira, gure materialak oinarri harturik edota beste partaide batzuei erantzunez. Otsailaren 16ra arte duzue idazteko aukera.
ANIMO ETA EKIN LANARI!