1. astea: Kultura eta kulturak

Kultura eta kulturak

 
 
Jon Bedialauneta-ren irudia
Kultura eta kulturak
Jon Bedialauneta - astelehena, 2018(e)ko otsailaren 5(e)an, 12:31(e)tan
 

Kultura ofiziala, masa kultura eta kultura herrikoia. Hiru kontzeptu ezberdin horiek landu genituen aurrez aurreko bi saioetan. Ulertu nuen gisan, kultura ofiziala eta masa kulturak egitura edota estruktura bat dute. Lehengoa estatuarekin lotu genezake, eskolarekin, unibertsitatearekin, artearekin, zientziekin; nolabait esateko, identitate nazionala duela esan genezake. Bigarrena aldiz merkatuan oinarritzen da, gizarteko esparru ezberdinetan dugun kontsumoarekin. Kultura herrikoiak aldiz ez du egiturarik, aldakorra da, auzokideen artean sortua, bat-batekotasunean eraikia. 

Eskolarekin eta hizkuntzen ikaskuntzarekin loturik, euskara bera, hiru kulturetan sar genezakeen arren, hiru kontzeptuek ematen dieten esangura edota gizartean azalarazteko modua ezberdina da. Kultura herrikoiean  garrantzitsuena ahozkotasuna den bitartean, eskolak idatzizkoa du oinarri, estruktura edota egitura baten pean lantzen delarik, ahozkoa bera ere modu idatzian lantzen duelarik. Modu horretan, ahozkotasunak berez duen aberastasuna nahiz bat-batekotasuna galtzen da eskolan, ahoz esandako hori produktu sinplikatu hutsean galtzen delarik. 

 
Nerea Goiria-ren irudia
Er: Kultura eta kulturak
Nerea Goiria - astelehena, 2018(e)ko otsailaren 5(e)an, 23:16(e)tan
 

Jonen sarrera bera erabiliko dut honi buruz hitz egiteko, berak primeran azaldu baitu joan den astean Donostian jaso genuen informazioa.

Kultura oso kontzeptu zabal bezala marraztu izan dut orain arte, ez bainuen sailkapena hau ezagutzen. Eta onartu behar dut, orain ikuspuntu desberdinetik ikusten dudala, batetik besterako jauzi horrek izan ditzakeen eraginen jakitun naizelako. Nire buruan bueltaka dabilen kontua honako hau da: zein kultura herrikoi ez dago "kutsatuta" masa kulturalerako edo instituzio kulturalerako hurreraketa horretan? Jonek dioen legez, ahozkotasuna omen da herrikoian garrantzitsuena, baina gaur egun ahozkotasun zein ekimen/ekintza/jarduera ez dago kutsatuta? Zeinek ez du merkatuaren edo turismoaren ikuturik jasan edo nabaritu?

Ikusten duzuen moduan, erantzunak baino galdera gehiago dabiltza nire barruen dantzan, topeka...

Maddi Alberdi-ren irudia
Er: Kultura eta kulturak
Maddi Alberdi - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 6(e)an, 19:27(e)tan
 

Ados nago zurekin Nerea, nik ere kulturaren ikuspegi zabalago edo orokorragoa nuen, baina oso interesgarria izan zen "kultura" kontzeptuak biltzen duena aztertu eta arakatzea. Testua irakurtzen nuen bitartean, kultura herrikoi, masa kultura eta instituzio kulturaren adibideak jartzen saiatu nintzen nire baitan. Geroago ordea, hiru kontzeptu hauen inguruan eztabaidatu ondoren, orain arte kultura herrikoitzat nuena "kutsatuta" dagoela ohartarazi nintzen, masa kultura izatera pasatuz. Ez al ziren ba Inauteriak, Santa Ageda, kaldereroak eta olentzero gure kultura herrikoiaren parte¿

Baina niretzat, eztabaidaren zatirik interesgarriena, kultura hauek eskola testuinguruan kokatu genituenean izan zen. Argi dago kultura instituzionala, eta horrekin batera nolabait masa kultura ere, gure eskoletako programazio eta egunerokotasunean guztiz murgilduta ditugula. Baina zer gertatzen da kultura herrikoiarekin? Egia da ahozkotasuna dela kultura herrikoian garrantzitsuena, baina ahozkotasun horren helburuak ez da eduki bat transmititzea; harreman moduak du garrantzia. Ez dut uste, gure eskoletan harreman mota hauei denbora gehiegirik eskaintzen diogunik, izan ere, ez al dira ikasleen elkarrizketa gehienak nolabait gidatuak? Nola eman diezaiokegu indarra kultura herrikoiari gure ikasgeletan?

Aintzane Rojo-ren irudia
Er: Kultura eta kulturak
Aintzane Rojo - osteguna, 2018(e)ko otsailaren 8(e)an, 19:46(e)tan
 

Maddik egin duen galdera oso interesgarria iruditzen zait. Gutiz ados nago, berak aipatutakoarekin. Izan ere, eskolan, hizkuntzak duen alde formala, instituzionala… lantzen da. Baina ez dugu kontuan hartzen, hizkuntzak duen kultura herrikoi hori.

Nire ustez, azken hau bat dator, hizkuntza modu naturalean ikastearekin. Zentzua duen testuinguru baten barruan ikasiz. Zentzurik ez baitu, idazten irakastea edo ikastea, zertarako balio zaigun baldin ez badakigu.

Baina, nire aburuz, hau ez da soilik ahozkotasunarekin gertatzen.

Testu motak idazteko, lehenengoz, esperientziak izan behar ditugu, esperientzietan pentsatu eta ideiak sortu beharra daukagu. Beraz, eskolak garrantzi handia eman beharko zion ikasleen produkzioei, ideia, sentimenduei, esateko moduei… eta ez errepikapenei soilik.

Beraz, gure eskoletan kultura herrikoi hori indartzeko modu bat, esperientzietan edo bizipenetan oinarritzea izan ahalko litzateke. Demagun errezeta bat idatzi nahi dugula. Errezeta hori, gelan aurretik prestatu beharko dugu. Jakiak erosi, prestatu eta jan. Modu horretan ikasleek, bizipena izango dute, ondoren, errezeta haien modura azaltzeko. Modu honetan gainera seguruenik, errezeta mota desberdinak agertuko lirateke, zeintzuk guztiak balioko zuten.

Itsasne Gabriel-ren irudia
Er: Kultura eta kulturak
Itsasne Gabriel - igandea, 2018(e)ko otsailaren 11(e)an, 19:11(e)tan
 

 Jonek egindako azalpen bikain honi, aurrez aurrekoan aipatu zen beste kultura mota bat ere gehitu nahiko nioke: kultura alternatiboa deritzona. Azken hau kultura ofizial eta masa kulturatik urrundu nahi duena izango litzateke; mundu berriei ateak ireki eta estatuarengandik independentea den beste zerbait eratu nahiko lukeen kultura, besteak beste.

Kulturaren ikuspegi berri honetaz jabetzean, niri ere hainbat zalantza sortu zitzaizkidan: bertsolaritzaren ingurukoa, esate baterako. Denok dakigun moduan, bertsolaritzaren oinarria ahozkotasuna izango litzateke, baina bertso bat testuinguru jakin batean (lagunarteko afari batean) edo bestean kantatzea(aurretik pentsatuta dagoen eta txotx denboraldiari hasiera emateko abesten denean) kultura herrikoia izango litzateke beti?