3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa

Amaiari erantzuna eta neure kasuaren hausnarketa

 
 
Saioa Torre-ren irudia
Amaiari erantzuna eta neure kasuaren hausnarketa
Saioa Torre - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 20(e)an, 11:39(e)tan
 

Ni ez naiz HHko irakaslea baina bai etapa horretan dauden seme biren ama eta, beraz, hizkuntzaren garapenaren adibide egokiena etxean daukat.   Amaiak aurkezten duen egoerari irtenbidea eman baino, zorionak eman behar zaizkiola uste dut. Hizkuntza irakasgai bezala erakusten ez duela dioenean, batez ere. Bere jarduna nola garatzen duen ere azaltzen du, abesti, piktograma, errutina eta bestelakoen bitartez. Eta holaxe da, hain zuzen ere, ikasleek hizkuntza bereganatzeko duten modurik efektiboena, berez egiten dena, jolasean ia.

Baina, zer gertatzen da hizkuntza-bereganatze etapa horretatik irten eta EPA zentro batean nagusiekin landu behar denean ahozkotasun hori? Planteatu nuen arazotik abiatuta eta ondoren irakasleak erantzundakoa kontuan izanda, gelara joan naiz eta, ataza desberdinen bitartez, bi saiotan ahozkotasunari pisua eman diot. Zein izan da ikasleen erantzuna? Bada…ez oso positiboa. Haiek diote beste urte batzuetan ‘ariketa’ gehiago egin dituztela eta aste honetan ia-ia denbora galtzen ibili izango bagina bezala aurkeztu didate haien ‘feedback’-a.

Ez dakit hausnarketa honekin berez kasu bati irtenbidea eman diodan (Amaia zorionduz) ala neure kasua oraindik gehiago nahastu dudan eta norbaitek irtenbidea eman behar didan berriro…

Bitartean, lanean jarraituko dugu… 

 
Oihana Amundarain-ren irudia
Er: Amaiari erantzuna eta neure kasuaren hausnarketa
Oihana Amundarain - asteartea, 2018(e)ko otsailaren 20(e)an, 14:32(e)tan
 

Aupa, Saioa:

Helduen irakaskuntzan oso ohikoa izaten da zenbait ikasleren aldetik era askotako erresistentziak agertzea. Askori izugarri kostatzen zaie urteetan izan duten lan-moldea aldatzea, dinamika berriak probatzea, ikasle pasibo roletik aktibo rolera pasatzea, jendaurrean aritzeko lotsa alboratzea... Baina, nire esperientziaren arabera, irakasleak konbentzimenduz eta ilusioz azaltzen baditu dinamika berriak eta haien balioa azpimarratzen badu, ikasleen jarrera aldatzen da. Ez etsi lehen saiakeran, eta saiatu aldi eta talde desberdinetan; ikusiko duzu nola Itsasnek bezala fruituak ikusiko dituzun!

Nerea Goiria-ren irudia
Er: Amaiari erantzuna eta neure kasuaren hausnarketa
Nerea Goiria - ostirala, 2018(e)ko otsailaren 23(e)an, 11:39(e)tan
 

Kaixo,

Helduek irakaskuntzan ari garenean hainbat ertz landu behar dira, eta taldearen arabera dimanika ere asko alda daiteke.

Nik euskaltegietan eta hizkuntza eskoletan eman diet klasea helduei. Oso testuinguru desberdina da:

  • Euskaltegian: talde txikiak, ikasleen arteko harreman estua, euskara arrazoi desberdinengatik ikasi gura dutenak, deshinibitzeko prestu daudenak.. HEOn: talde handiegiak (30 lagunekoak), ikasleen artean ez dago hartu-eman pertsonalik, gehienak titulu bat dute helburu, jolasak denbora-galtzea direnaren ustea...

Saioa, beraz, lasai, zuk esan duzun hori uste dut normala dela gertatzea. Nik ez dut sekula EPAn eskolarik eman, baina askoren ustea da hori denbora galtzea dela, ariketak egiten ez direnean hori uste dute, hizkuntza ahoz praktikatzen dela ohartu gabe. Saioak aipatu duen erresistentzia hori normala da. Hizkuntza Eskolan saiatu izan naizenean noizbait jolasen bat egiten, askok boikoteatu egin izan dute eta beraien deserosotasuna adierazi; euskaltegian, aldiz, sekula ez dut horrelakorik jaso.DBHko ikasle askok ere horrela ulertzen dute. Nik klase ia guztietan eta astelehenetan edo opor edo zubi baten ostean beti, aurreko egunetan egindakoaz galdetzen diet: Gabonetan beraien etxeetako ohiturez, janariaz, jantzitako arropaz, Santo Tomas egunean egindakoaz; inauterietan zer egin duten, zertaz mozorrotu diren, beraien herrian edo auzoan zein ohitura dagoen, eskiatzen joan direnei horri buru hitz egiteko... Askoren ustez, hori denbora galtzea da, eta pozik aritzen dira ez dutelako bestelakorik egin behar. Aurreko batean, adibidez, kolonbiar jatorria duen ikasle batek asteburuan baby showerra izan zuela aipatu zuen. Bere ikaskideek ez zekitenez zer zen, zehaztasun osoz dena kontatzeko esan nion, kontuan hartuz ez zekitela ezer horri buruz. Gainerakoek galdera pila bat egiteko aprobetxatu zuten. Nik ere Euskal Herrian duela gutxira arte atsolorraren ohitura zegola esan nien eta oraindik ere toki batzuetan badagoela. Nahiz eta aurrez programatutako ezer ez egin, oso emankorra izan zen. Era berean, askoren inpresioa ez genuela ezer egin izan zen, ikasle batzuek hori komentatu baitzuten baby showerraren gaia atera zuen ikasleari eskerrak emanez. Nik, ostera, argi eta garbi esan nien oso gustora egon nintzela eta Euskara eta literatura arloa ez dela zertan teorikoa izan behar, praktikan dagoelako oinarria.