IKASTAROARI BURUZ

Amaierako zeregina

Ikastaroa gainditzeko, dakizuen bezala, lan bat entregatu behar da ikastaroaren amaierarako, ikastaroan zehar idatzitakoa osatuz eta txosten formatua emanez. Bost orduko lana izatea espero da.

Lanak hiru zati izatea proposatu nahi dizuegu (gero norberak erabakiko du zein izenburu jarri atal bakoitzari):

  • IKASTAROAN JASOTAKO HAINBAT IDEIA ESANGURATSU: baliagarriak izan dakizkizukeen ideia teorikoak, praktikoak, hausnarketak... bai gugandik, materialetatik eta bai taldekideengandik hartutakoak. Horretarako, baliagarria izango zaizkizu ikastaroan zehar egin ditugun bildumak (hemen: http://ilusionismosocial.org/mod/folder/view.php?id=833). Zuk zeuk foroan idatzi dituzun mezuak irakurri nahi badituzu gauzak hartzeko, zure profilean sartuz ikusiko dituzu denak jarraian (profila/perfil ->Mensajes en los foros / Mezuak foroetan).
  • ZURE IRAKATS-JARDUNEAN ALDATU/HOBETU NAHI ZENITUZKEEN ALDERDIAK: atal hau zure irakats-praktikaren deskribapen batekin batera joan behar da, aldaketak edo hobekuntzak zertan dautzan hobeto uler ditzagun.
  • ZER ALDATUKO DUZUN ETA ZER ALDATU NAHI ZENUKEEN (baina ez zaude ziur nola): aurtengoan ez bada datorren ikasturtean, zer da ikastarotik hartutako ideietan oinarriturik egingo dituzun aldaketak? Eta zer da aldatu nahi zenukeena baina oraindik ez duzu argi zer egin edo nola? Landu ditugun kontzeptuetan sakondu behar duzu pixka bat hau azaltzean, zure proposamenen funts teoriko-praktikoa hobeto uler dadin.


Hiru atal hauek dira ikastaroan zehar komentatzen ari garenak, zuetako batzuk dagoeneko ari zarete pixkanaka korapiloa askatzen, baina beste batzuok oraindik ez duzue asko argitu zuen praktikari buruz edo aldatu nahi zenuketenari buruz. Aste honetan, gai hauen inguruan idazten baduzue, errazago izango zaigu jakitea zer izan daitekeen interesgarria azken asterako, eta nola lagundu txosten hori osatuagoa izan dadin.

Ez dugu tamaina zehatz bat amaierako txosten honetarako, baina espero dugu 4-8 orrialde bitarteko zerbait izatea. Tamaina ez da garrantzitsuena, noski, soilik kalkulatu dugu horrelako zerbait beharko zenuketela txostena ez geratzeko azaleko kontuetan soilik eta bai teorian eta bai praktikan sakonxea izateko. Foroan dagoeneko idatzi duzuena ere erabil dezakezue txosten horretan, hartara lana aurreratzen joateaz gain, taldekideei ere baliagarria izango zaie euren ideiak eraikitzeko.

EPEA: martxoaren 12a, beranduenik. ERNE! Epe hau ezin da luzatu, mesedez ondo antolatu lan-zama garaiz iristeko. Lehenago emango bazenute asko eskertuko genizuke!

ORIENTAZIO OROKORRA:

Eusko Jaurlaritzaren dokumentuen arabera, irakasleok jasotzen duzuen formazioak ikasgelaraino iritsi behar du, ikasleenganaino. Hori dela eta, eskatzen du ikastaroko ideiak praktikara eramatea eta horren inguruko txostena idaztea. Baina gu ez gaude horrekin ados, uste dugu ikastaro bat egiteak ezin zaituela konprometitu nahitaez ikasitako hori gauzatzera (gerta liteke ados ez egotea!), eta gainera, uste dugu eraldaketa prozesuak ezin direla edozein momentutan jarri martxan, zerbait majikoa balitz bezala. Jakin behar da zein den momentu egokia zer egiteko eta nola, eta batez ere zertarako.

Hori dela eta, libreago uzten dugu amaierako zeregin hori. Foroan oso aktibo ibili zaretenok, eztabaidetan parte hartuz, hari berriak proposatuz, eta abar, beharbada nahikoa duzue zuen mezuak dokumentu bakarrean jaso eta horretan oinarrituta, azken hausnarketak txertatzea (mezuz mezu, amaieran... nahiago duzuen modura). Gai batek bereziki deitu badu zuen arreta eta horretan sakondu nahi baduzue, hori bera izan liteke lana. Ez du lan luzea izan behar, suposatzen da 5 orduko lan bat dela! Orduan, ikastaroan orain arte ordu gehiago sartu duzuenok, lan arinagoa egitearekin nahikoa izango da, eta ikastaroan gehiago ibili zaretenok irakurtzen idazten baino, beharbada ikastarokideen esanak hartuta zerbait ekoiztu beharko duzue zuen ikuspegiekin elkarlotzeko...

Tutoreok dokumentu hau bete beharko dugu banan-banako ebaluazio gisa, entregatutako lanarekin batera:

http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=835

Horrez gain, asistentzia/partehartzea eta aprobetxamendua baloratu behar dugu, ikastaroan GAI ala EZ GAI izan duzuen erabakitzeko. Inorekin zalantzarik izanez gero, geu jarriko gara harremanetan pertsona zehatz horrekin.

Lana foroan eskegi daiteke edo epostaz bidali Ainhoari (ainhoa.ezeiza@gmail.com).

Partaideren batekin zalantzarik baldin badugu, jarriko gara epostaz harremanetan. Nolanahi ere, mezu bat jasoko duzue gure plataformatik GAI/EZ GAI kalifikazioarekin, jakinaren gainean egon zaitezen, baieztapen modura.

EGIAZTAGIRIAK

Guk Eusko Jaurlaritzari zuen lanak, banan-banako ebaluazio labur bat eta aktak bidaliko dizkiogu. Eusko Jaurlaritza arduratuko da egiaztagiria bidaltzeaz, hortaz, bertan galdetu beharko duzue guk aktak bidaltzen ditugunetik aurrera, guk prozesu horretan parte hartzen ez dugunez, ez baitugu informaziorik.

AMAIERAKO ASEBETETZE INKESTA

Ikastaroaren amaieran, mezu bat bidaliko dizuegu asebetetze-inkesta betetzeko. Asko eskertuko genizueke inkesta hori betetzea; bertako erantzunak ere Eusko Jaurlaritzara bidali behar ditugu.

Dudarik baduzue, jarri nirekin harremanetan: ainhoa.ezeiza@gmail.com edo 635754847 telefonoan