Inprimatu liburuaInprimatu liburua

IKASTAROARI BURUZ

Hemen duzue ikastaroaren inguruko informazio nagusia. Astez asteko zereginak, materialak eta hainbat ideia gehitzen eta biltzen joango gara hemen, foroetan bilatzen ibili beharrik ez izateko.

Gunea: Ilusionismo Social, Investigacion Participativa y culturas populares
Ikastaroa: Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan
Liburua: IKASTAROARI BURUZ
Nork inprimatua: Invitado
Data: larunbata, 2026(e)ko maiatzaren 30(e)an, 11:52(e)tan

Ikastaroko oinarrizko datuak

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan

35 ordu, 2018ko otsailaren 1etik martxoaren 9ra arte.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzak formazio programa honi ezarritako arauak. Komenigarria da arau hauek ezagutzea.

Aurrez aurreko saioak

Lehen asteko bi saioak aurrez aurrekoak izango dira:

Otsailaren 1a eta 2a, 16:30-20:30

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko II Eraikina (lehengo Magisteritza Eskola), Oñati plaza 3, z.g., Donostia.

1.1 GELA

Gainerako lan guztia online izango da.

Aurrez aurreko bi saio hauek ez dira derrigorrezkoak ikastaroa gainditzeko, baina bai oso gomendagarriak ikastaroaren dinamikak ulertzeko. Saio hauetara etortzerik izango ez duten pertsonek lan osagarria egingo dute, ikastaroaren hasieran jakinaraziko dena ikastaroko Berrien Foroaren bitartez.

Astean 6 orduko lana egin behar da gutxi gorabehera, lehen astea izan ezik norberak erabakitzen duen moduan antolaturik. Dinamika oso erraza izango da: astero hainbat material duzue eskuragarri eta gai horren inguruko ikuspegia trukatu behar duzu, astero gutxienez bi mezu esanguratsu idatziz foroan (eta noski, kideen mezuak ere irakurri behar dira, elkarrekin eraikitzeko).

Tutorea: Ainhoa Ezeiza

Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Javier Encina eta Nahia Delgado

Ikastaroaren proposamena eta garapena: Javier Encina eta Ainhoa Ezeiza

Harremanetarako: Ainhoa Ezeiza ainhoa.ezeiza@gmail.com 635754847

1. Helburuak
Ikastaroaren helburuak finkatzeko, prest_gara deialdiko helburu nagusiak berrikusi dira, proposamen lerrokatua eta berritzailea egiteko:

  • Trebatzea hizkuntzetan espezialista diren irakasleak baliabide eta lan egiteko modu berrietan, ahozkotasunaren dimentsio anitzak nabarmenduta.
  • Irakasleekin partekatzea ikas-irakas prozesuen inguruan egin diren azken ikerketen ondorioak eta horiek ikasgelako lanean nola eragiten duten, modu praktikoan.
  • Irakasleak hizkuntza eta kultura aniztasuna asertibitatez, egokitasunez eta aberastasunez kudeatzen trebatzea, gizarte-testuinguru gero eta anitzagoetan eta konplexuagoetan planteatzen diren etengabeko erronkei modu etikoan erantzuteko.
  • Irakasleak deshazkundea, ekitatea, justizia soziala eta elkartasuna bizitzeko gaitasunetan prestatzea.
  • Hizkuntzen arteko bizikidetza ziurtatzea.
  • Unibertsitateak eta gainontzeko eragileak (hezitzaileak, irakasleak, gizarte langileak, familiak, auzokideak...) elkarlanean prestakuntza ekintzak sustatzea.
  • Lehen Hizkuntzaren eta Bigarren Hizkuntzen arteko transferentziak erraztea: ahozko eta idatzizko testuen ekoizpenerako bideak, IKTen laguntza-tresnak (itzulpenerako tresnak, ikus-entzunezko materialen erabilera, 2.0 komunikazioa...). Testu-moten ikuspegitik komunikazio ekintzen garapenera.


2. Gaiak

  • Kultura eta kulturak: estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak... kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea. Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak.
  • Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea.
  • Identitatea vs. identifikazioak. Disentsuan aurkitzeko moduak. Hizkuntzaren jabe-gabetzea.
  • Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioaren garrantzia. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak.
  • Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak.
  • Ahozko historiak eta istorioak ikasgelako / ikastetxeko hizkuntza eta kultura baliabide gisa. Pentsatze, sentitze eta egiteen transferentziak.

3. Metodologia

  • Saioak online izango direnez, oso garrantzitsua da astean zehar ikastaroan sartu, materialak irakurri, debateetan parte hartu eta zure ikuspegi eta hausnarketak argitzea.
  • Laguntza teknikoa behar baduzu, larritzen bazara edo blokeatuta sentitzen hasten bazara, jarri tutorearekin harremanetan (ez dago zertan gaizki pasaturik!): ainhoa.ezeiza@gmail.com edo 635754847 (watxapa erabil dezakezu)
  • Ikastaroaren partaideek ahal den heinean praktikan jarriko dute ikastaroan landutakoa, eta euren jakintzak ikastaro kideekin partekatuko dituzte.
  • Oso gomendagarria da aurrez aurreko bi saioetara etortzea, otsailaren 1ean eta 2an, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko II Eraikinean (lehengo Magisteritzan), 1.1 gelan, 16:30-20:30 (Oñati plaza, 3).
  • Ikuspegi dialektikoan oinarrituko gara ikastaroan zehar, eta hortaz, elkartzen garenokin eta garenongandik lan egingo dugu. Esperientzia pertsonala eta norberaren ikastetxeko egoera zehatza (edo aurretik ezagututakoak) izango dira abiapuntu, ikastaroko partaideen artean eztabaidatu, hausnartu eta aukera berrietara zabaltzeko. Ikastaroa praktikoa da eguneroko bizitzako egoerei lotuta dagoelako, baina aldi berean, egunerokotasuna kritikoki aztertuko da ikuspegi teorikoen laguntzaz.


4. Ebaluazioa

  • Ebaluazioa bera eztabaidagai garrantzitsu bat izango da: nola ebaluatu aniztasunean lan egiten denean?  Aldez aurretik finkatutako ebaluazio-adierazleen ikuspegia gainditu egin nahi dugu eta ebaluazioaren ikuspegi etikoa landuko da ikastaroan, errespetuzkoa, norberak kolektiboari egin dion ekarpena kontuan hartuta eta kolektiboak berak eraikitako jakintzen transferentziaren ikuspegitik.
  • Horrek eskatzen du dinamizatzaileon aldetik sentsibilitate handiz jokatzea eta sortzen diren aukerak probestea, ikasitakoak azaleratzeko eta balioesteko. Lan egiteko modu honek unean uneko eta lekuan lekuko ebaluazioa lantzen du eta amaierako dokumentazioaren bitartez hausnartuko dira prozesuan zehar gertatutako ikaskuntzak.
  • Bi zeregin mota egin behar dira:
    1. Asteroko lana: astez aste, gutxienez bi mezu esanguratsu idatzi behar dituzu aste horri dagokion foroan, eskainiko diren materialak eta norberaren esperientziak eta kezkak abiapuntu harturik.
    2. Amaierako lana: Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri behar dugun lana da, norberaren ikastetxean ikastaroan ikasitakoa nola baliatuko lukeen argituko duen txostena. Praktikara eraman diren elementuak ere jasoko dira txosten horretan.

Ikastaroko oinarrizko zenbait material

Foroetatik bildutako eztabaiden laburbilketa:

Astez aste, foroetan izandako eztabaidak dokumentuetan biltzen joango gara, eraikitze kolektiboa errazteko. Materialak doc eta pdf formatuan daude, editatu edo inprimatu nahi duenak errazago izateko. Hemen eskura ditzakezu deskargatzeko:

http://ilusionismosocial.org/mod/folder/view.php?id=833

Eusko Jaurlaritzako dokumentuak:

Arrue Proiektuko ikerketen emaitzak, eskola giroko hizkuntza erabileren inguruan

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn. Proposamen berritzaile eta eleanitza XXI menderako (pdf)

Eleaniztasun programak:

http://www.lingolang.net/

Euskaltzaleen Topaguneak aniztasunaren gaia ikastetxeetan lantzeko sortutako egitasmoa

Eleaniztasunaz eta hizkuntzen ikaskuntzaz:

http://gonzaloabio-ele.blogspot.com.es/2009/03/mitos-en-la-ensenanza-de-otras-lenguas.html

Bestelako idatzizko artikuluak

Honako testu hauek ere interesgarriak dira ikastaroko eztabaidak aberasteko (foroetan trukatuko ditugun gainerako testuak ere hemen txertatuko ditugu). Testu osagarriak dira.

Eztabaida interesgarri bat euskal kulturaren etorkizunaren inguruan:

Jesús MARTÍN-BARBERO komunikologo adituak idatzitako artikulua (arreta berezia jarri 16-24 orrialdeei: LO POPULAR NOS INTERPELA DESDE LO MASIVO):

Manuel MONTAÑÉS soziologoak egindako ikerketa baten artikulua, kultura desberdinen arteko harremanen inguruan:

Kultura moten inguruko azalpena:

Kulturartekotasunaren irakaskuntza eta irakaslearen zeregina, Maria Silvina PARICIOren ikuspegitik:

Hizkuntza minorizatuen inguruan, Julia Saballank-i egindako elkarrizketa Berria egunkarian:

Hizkuntzak afektibitatearekin duen lotura garrantzitsua ulertzeko artikulu labur bat:

Ikuspegi didaktikoen inguruko wikipediako artikulu interesgarria:

Ikuspegi komunikatiboaren barruko bi metodologia ezagunen arteko alderaketa:

Ikuspegi komunikatiboaren eta ikuspegi dialektikoaren arteko aldea:

Bideojokoak eta hizkuntzen garapena: aurkezpen bat

Bideoak nahiago? Ikus hemen

Ikastaroko gai batzuk bideoen bitartez landu(ko) ditugu. Hona adibide posible batzuk (beharbada erabiliko ditugunak edo beharbada ez...):

  • Beharrak eta asebetetzaileak: Necesidades y satisfactores (11:27)
  • Partaidetza-motak: Introducción a las formas de participación (6:56)
  • Boterea eta jabe-gabetzea: Introducción a un debate sobre el Poder (15:49)
  • Konplexutasuna eta errepikapen sortzailea: Hezkuntzaren jabe-gabetzea: Eskolatik kanpo ikasten (4:37)
  • Pentsatu/sentitu/egiteari buruzko hausnarketa: Eraikitze kolektiboaz (2:28)
  • Bizitza paraleloak: Vidas Paralelas (3.24)
  • Askatasuna eta hezkuntza: Paideia escuela antiautoritaria (7:13)
  • Eguneroko bizitzako espazioak eta denborak, batez ere jendea nola erlazionatzen den patxadaz ikusteko modu bisual batean: Espacios y tiempos cotidianos (12:53)
  • La Educación Prohibida (2h 25:18)
  • Milonga de Andar Lejos. Daniel VIGLIETTI
  • No me llames extranjero. Rafael AMOR
  • Hezkuntza sistemaren inguruko kritikan sakontzeko,  duela urte pare bat egin genuen dokumental honen lehen 6 minutuak gomendatzen dizkizuegu bereziki: Educacion??? Pa´ qué !!! (1:11:01)
  • Bideo honetan, azalpen orokor bat dago hezkuntzaren jabe-gabetzearen inguruan, disentsuan lan egitea nola fokalizatzen den pixka bat irudikatzeko: Hezkuntzaren jabe-gabetzea: Esperientzia bat (7:14) https://youtu.be/48wNPByXXfo
  • Konplexutasunaz, eraikitze kolektiboaz eta... kimikaz... edo...: Química, Diego Carrasco (3:52)
  • Izatea eta edukitzea vs. egotea eta jabegabetzea: Una mijita más de desempoderamiento (5:51)
  • Ahozko historioak biltzeko prozeduren inguruko bideoa: Vídeos participativos para la construcción colectiva: Memoria y situaciones (14:54)
  • Magisteritzako lehen mailan egin genuen azterketaren kontaketa-bideoa: Hezkuntzaren jabe-gabetzea: Azterketa Lehen Hezkuntza Graduko 1. mailan (16:19)
  • "El Palomo", Sevillako Palomares del Río herrian gauzatutako partaidetza-prozesua:

  • Bideo hau aurkitu dut Twitter bidez, Irutxuloko Hitzan estekatuta ikusi dut. eta beharbada erabil dezakezue ikasleekin, hainbat debate zabaltzeko: SOS arrazakeria. Interneten, tokirik ez gorrotoari (1:18):

  • Bi bideo hauek ditugu ez direnak ilusionismo sozialetik landu, hau da, partaidetza baldintzatua da (talde zehatz batzuetara, kolektibotan banandurik eta abar) baina agian interesatzen zaizkizue, haur eta gazteak ikusi eta entzun egiten direlako, eta ideia/sentitze/egite batzuek pistak ematen dizkigutelako.

    Bideo hau eskolako partaidetzarekin dago lotuta, Lehen Hezkuntzan (4:26):

    eta beste hau herri-partaidetzari lotutakoa da, hau ere oso bideratua baina hala ere interesgarria da nola erlazionatzen diren adin desberdinetako haur-gazteak (gehienbat DBHkoak) (14:02):

    Ikusten da harremanak lantzen direla, eta bigarren bideoaren kasuan dibertsitatea antzematen da: adin desberdintasuna, jatorria (landa ingurunea, hiria...), etnia, portaera eta kultura... Norabide anitzeko komunikazioaren ideia ere antzematen da pixka bat.

1. astea: Kultura eta kulturak

1. astea: Kultura eta kulturak

2018ko otsailaren 1etik 9ra arteko asteak

Kultura eta kulturak:

Zer da kultura? Zergatik nahasten ditugu kultura, folklorea eta hizkuntza? Zer esan nahi du ikasgelan "kulturak" lantzea? Kultura desberdinen arteko harreman-erak.

Azpigaiak: Estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak... kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea. Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak

Ikastaroaren izenburuaren arabera, gure lan-eremua da bigarren hizkuntzak irakastea testuinguru KULTURANITZETAN. Baina konturatuta gaude kultur aniztasuna zer den ulertzeko arazoak daudela, ez baitugu berdin interpretatzen zer den kultura.

Horregatik, aste honetan proposatzen dizugu kulturen gai hau arakatzen hasteko bi testu hauek irakurri eta zure ikuspegia, esperientzia, bizipenak... konpartitzeko hemen foroan:

Horrez gain, proposatzen dizuegu oinarrizko materialetik orrialde batzuk irakurtzea. Hemen klikatuz deskarga dezakezue pdf-an:

Partaidetza ereduetatik eraikitze kolektibora

Aste honetarako, KULTURA HERRIKOIAK izeneko ataleko orrialde hauek irakurtzea da gure iradokizuna: 54-57 orrialdeak

2. astea: hizkuntzen didaktikaren oinarriak

2018ko otsailaren 10etik 16ra bitarteko astea

Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak:

Ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Zergatik utzi behar diogu ikuspegi estrukturalistatik lan egiteari? Paradigma aldaketarako argumentuak. Hizkuntza "didaktizatzearen" arriskuak eta galerak. Nola egin dezaket lan ikasleekin eta ikasleengandik? (eta ez "ikasleentzat" edo "ikasleengatik"). Nola ulertzen da ebaluazioa ikuspegi dialektikoan?

Azpigaiak: Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea. Ikuspegi dialektikoa eta ilusionismo soziala. Ebaluazioa, beharrak eta asebetetzaileak, eta konplexutasuna

Aste honetan, bigarren hizkuntzen irakaskuntza-moduak birpasatuko ditugu. Zein eredutan oinarritzen duzu zure lana?

Hauek dira aste honetarako proposatzen dizkizugun irakurketak:

Foroan, material hauetatik jasotzen dituzun ideiez gain, klasean erabiltzen duzun irakaskuntza-eredua edo ikuspegia azal dezakezu, edota pixka bat deskribatu edo kontatu nola ematen dituzun eskolak. Lan hau oso garrantzitsua izango da irakasleok jakin dezagun nola garatu ikastaroaren ildo nagusia, horregatik, nahi baduzu, kontatu baita ere zein diren zure kezkak edo zalantzak irakaskuntza-moduen inguruan.

3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa

Zergatik abiatu behar dugu ahozkotasunetik hizkuntzak ikasteko? Ahozkotasuna ez da "ahotik esaten denaren" baliokidea. Pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak bateratzeko moduak.

Azpigaiak: Ahozkotasunaren dimentsioaniztasuna. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak. Diziplinartekotasunetik diziplinen ikuspegia gainditzera.

Aste honetan, hizkuntzen irakaskuntzako gai zehatzago batean murgilduko gara: ahozkotasunaren lanketaren garrantzia.

Orokorrean eskolan hizkuntza idatzizkotasunetik lantzen da, bai lehen hizkuntzak eta bai bigarrenak eta zer esanik ez atzerriko hizkuntzak. Pentsa daiteke hizkuntza bat ikasteko idatzizkotasunak laguntzen duela, idatziz ikasten dena gero ahoz esatea errazagoa delako. Baina ez da gauza bera ahozkoa eta ahozkotasuna.

Hau da gure proposamena:

  • Irakurri aste honetako sarrera moduko testua: Ahozkotasuna eskolan
  • Irakurri gure liburuxkako 26. orrialdetik 38ra. Bertan argitzen da nola egiten dugun lan klasean ilusionismo soziala deritzon lan egiteko modutik abiatuta. Artikuluan lehenago datorrenez, lana erraztearren hementxe duzue ilusionismo sozialaren definizioa:

"Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia partehartzaileak dituena (IAP bereziki -"Investigación-Acción Participativa" deritzon ikerketa-metodologia) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez; pentsamendua eta sentipena, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezberdindu ezin direlarik".

  • Bideo honetan kontatzen dut Magisteritzan egin genuen lehen esperientzia, hezkuntzaren jabe-gabetzea eta ilusionismo soziala elkartuz:

Astean zehar, ideia da partekatzea zer egin dugun edota zer egin dezakegun ahozkotasunetik lan egiteko. Eskatuko nizueke esperientziak zehaztasun pixka batekin eta hausnarketaren laguntzaz argitzea, bestela azalean soilik geratzeko arriskuan egon gaitezke.

Asteko galdera nagusia da: NOLA LANDU AHOZKOTASUNA GEURE IKASGELAREN/ESKOLAREN TESTUINGURU ZEHATZEAN?

4. astea: Testuinguru eleanitzetan lanean

Nola egin dezakegu lan ikasgelan eta ikastetxean, dibertsitatea errespetatuz eta bizikidetza eraikiz? Nola landu dezakegu elkarren arteko laguntza, elkarrekin ikasteko? Zer egin dezaket neure ikasgelan/ikastetxean, ditudan baldintzak kontuan harturik?

Azpigaiak: Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak. Identitatea vs. identifikazioak. Egiturak malgutzeko erak.

Aste honetan, hausnartu behar dugu zehazki zein elementu, jarduera, prozedura, jardunbide, gai... aldatu beharko lukeen gutako bakoitzak. Hau izango da ikastaroaren amaieran bakoitzak entregatu behar duen lanaren lehen proposamen zirriborroa (soilik ideia nagusi batzuk, edo ildoren bat aldatu nahi eta ahal duzuena), eta tutoreon lana izango da proposamen horietan orientazio zehatza ematea eta laguntzea.

Gure aldetik, aste honetarako proposatzen dizuegu gure liburuxkako 96-102 orrialdeak irakurtzea, ikasgelan bizikidetza hobetzeko gakotzat jotzen ditugun kontzeptuen aurkezpena dagoelako: jabe-gabetzearen zortzi zutabeak: zaintzak, askatasuna, eraikitze kolektiboa, konfiantza, elkarren beharra eta autonomia, alaitasuna, desazkundea eta itxaropena. Kontuan izan zortzi zutabeen proposamena denak bateratzen joatea dela, nahiz eta batzuetan gehiago izango dugun batetik edo bestetik... Jabe-gabetzearen zutabeen gaian sakondu nahi izanez gero, aste honetako material osagarrietan duzue bertsio luzexeago bat.

Ikastaroan zehar aztertu ditugun teoriako elementu batzuk norberaren praktikarekin lotuz, aurrerapauso bat ematea da aste honetarako lan-proposamena. Batzuek kontatu dituzue jarduera zehatz batzuk, baina pixka bat haratago jotzea eskatzen dizuegu, ematen dituzuen irakasgaiei konplexutasuna, sakontasuna edo bizikidetza hobetzeari begira. Testuinguru bakoitza desberdina dela jakitun gara, eta oso eztabaida mamitsuak sortu dira aurreko asteetan gainera.

Gure bigarren proposamena da ondorengo zerrendatik nahi duzuena irakurtzea edo gain-begiratzea eta aurrera begira egingo duzuen inguruko zerbait idaztea (momentu ezberdinetan idatzi ditugun blog-sarrerak dira, laburrak dira, lasai!). Izan ere, teoria beharrezkoa da praktikan aurrera egiteko, baina azkenean gure irakats-praktika zehatzean lan egiteko moduak pentsatu behar ditugu. Besteak beste, guk geuk gauza asko aldatuko genituzke, baina muga handi batzuk ditugunez, egin dezakeguna gehienez ere egiturak malgutzea da, ahalik eta gehien.

Ea zeozer lagungarri egiten zaizuen!

  • Ilusionismo Sozialetik lan egiten: Ikasgelako giroaz, Alba Ayucar ikaslea. Blog-sarrera honetan, gure ikasle batek azaltzen du zein zen gelako giroa bera klasera etortzen hasi zenean (beranduago hasi baitzen), uste dugu lagungarri izan daitekeela ilusionismo soziala gelako praktikan nolakoa den irudikatzeko: http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/05/ilusionismo-sozialetik-lan-egiten.html
  • Bizikidetza... zatikaturik landu daiteke eskolan??? Irakasleen formazioa eta eskola eraldaketa. Sarrera honetan, ikasgelako bizikidetza ilusionismo sozialaren lanketarekin erlazionatu dugu, praktikan egiten ditugun zenbait konturekin: http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/06/bizikidetza-zatikaturik-landu-daiteke.html
  • Ahozko historiak bizikidetza lantzeko. Ahozko historiak ahalmen handiko zehar-tresna da, hain zuzen ere uneotan abiatu dugun proiektu batean erabiltzen ari garena, Donostiako Altza auzoan. Ahozkotasuna autoestimu komunitarioarekin eta identifikazioekin batera lantzen da. Bide batez, sarrera honetan pixka bat azaltzen da nola desberdintzen dugun identitatea identifikazioetatik, Maitek aste honetan aipatu duen gai garrantzitsu bat. http://www.ehu.eus/ehusfera/komunikatzen/2017/02/27/ahozko-historiak-bizikidetza-lantzeko/
  • Hirien (h)istori(o)ak... Hau oso sarrera laburra da, Mexikora joan ginenean ikusi genuen erakusketa batekin lotuta dago eta guretzat inspirazio-iturri izan da beste erakitze batzuk egiteko, eskulanetan oinarriturik. http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/03/hirien-historioak.html
  • Zer da ULERTZEA? Norabide anitzeko komunikazioaren inguruan. Gure ikastaroan ez da debate hau azaldu, baina uste dugu hizkuntzen irakaskuntzan gai funtsezkoa dela ulermena zer den zalantzan jarri eta horren gainean hausnartzea: http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/05/zer-da-ulertzea-norabide-anitzeko.html
  • Hizkuntzaren didaktikaz hausnartzen... Silvio Rodríguezekin! Blog-sarrera honetan azaltzen dugu nola jarri ginen teorizatzen klasean, abesti batetik abiatuta. Izan ere, askotan uste dugu ikasleek ez dutela hausnartzen, soilik teoria errepikatzen dutela, eta neurri batean egia da, guk entzun nahi duguna esaten dute kalifikazio ona lortzeko. Adibide honetan, argitzen da nola praktikan ilusionismo sozialean lan egiten ari ginelarik, saio batean pauso handi bat eman genuen eta klaseetan zehar hemen eta han hitz egindako gauzak bat-batean arbelean elkarloturik agertu zitzaizkigun, denon artean hausnartuz. Eraikitze kolektibo teoriko bat izan zen. http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2015/11/hizkuntzaren-didaktikaz-hausnartzen.html
  • Ebaluazioa hizkuntzen irakaskuntzan: Zertan gabiltza? Beste gai bat ikastaroan zehar apenas azaldu dena, hori asko gustatu zaigula aitortzen dugu jeje ze normalean irakasleak nahiko obsesionatuta egoten gara ebaluazioaren kontura eta orain arte azaldu ez izanak nolabait erakusten du ez dela hori zuen larritasuna. Hala ere, apuntetxo bat eman nahi dugu artikulu labur honen bidez, inork gai honi heldu nahiko balio ere. http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/06/ebaluazioa-hizkuntzen-irakaskuntzan.html
  • Perfekzioa eta inperfekzioa... beste behin. Amaitzeko, eskolan sortzen den kezka garrantzitsu bat gehitu nahi izan dugu: perfekzioaren inguruko eromena. Txantxa txiki bat gehitu dugu, "perfekzionista ote zara?" proba txiki gisara: http://jabegabetzea.blogspot.com.es/2016/06/perfekzioa-eta-inperfekzioa-beste-behin.html

Amaierako zeregina

Ikastaroa gainditzeko, dakizuen bezala, lan bat entregatu behar da ikastaroaren amaierarako, ikastaroan zehar idatzitakoa osatuz eta txosten formatua emanez. Bost orduko lana izatea espero da.

Lanak hiru zati izatea proposatu nahi dizuegu (gero norberak erabakiko du zein izenburu jarri atal bakoitzari):

  • IKASTAROAN JASOTAKO HAINBAT IDEIA ESANGURATSU: baliagarriak izan dakizkizukeen ideia teorikoak, praktikoak, hausnarketak... bai gugandik, materialetatik eta bai taldekideengandik hartutakoak. Horretarako, baliagarria izango zaizkizu ikastaroan zehar egin ditugun bildumak (hemen: http://ilusionismosocial.org/mod/folder/view.php?id=833). Zuk zeuk foroan idatzi dituzun mezuak irakurri nahi badituzu gauzak hartzeko, zure profilean sartuz ikusiko dituzu denak jarraian (profila/perfil ->Mensajes en los foros / Mezuak foroetan).
  • ZURE IRAKATS-JARDUNEAN ALDATU/HOBETU NAHI ZENITUZKEEN ALDERDIAK: atal hau zure irakats-praktikaren deskribapen batekin batera joan behar da, aldaketak edo hobekuntzak zertan dautzan hobeto uler ditzagun.
  • ZER ALDATUKO DUZUN ETA ZER ALDATU NAHI ZENUKEEN (baina ez zaude ziur nola): aurtengoan ez bada datorren ikasturtean, zer da ikastarotik hartutako ideietan oinarriturik egingo dituzun aldaketak? Eta zer da aldatu nahi zenukeena baina oraindik ez duzu argi zer egin edo nola? Landu ditugun kontzeptuetan sakondu behar duzu pixka bat hau azaltzean, zure proposamenen funts teoriko-praktikoa hobeto uler dadin.


Hiru atal hauek dira ikastaroan zehar komentatzen ari garenak, zuetako batzuk dagoeneko ari zarete pixkanaka korapiloa askatzen, baina beste batzuok oraindik ez duzue asko argitu zuen praktikari buruz edo aldatu nahi zenuketenari buruz. Aste honetan, gai hauen inguruan idazten baduzue, errazago izango zaigu jakitea zer izan daitekeen interesgarria azken asterako, eta nola lagundu txosten hori osatuagoa izan dadin.

Ez dugu tamaina zehatz bat amaierako txosten honetarako, baina espero dugu 4-8 orrialde bitarteko zerbait izatea. Tamaina ez da garrantzitsuena, noski, soilik kalkulatu dugu horrelako zerbait beharko zenuketela txostena ez geratzeko azaleko kontuetan soilik eta bai teorian eta bai praktikan sakonxea izateko. Foroan dagoeneko idatzi duzuena ere erabil dezakezue txosten horretan, hartara lana aurreratzen joateaz gain, taldekideei ere baliagarria izango zaie euren ideiak eraikitzeko.

EPEA: martxoaren 12a, beranduenik. ERNE! Epe hau ezin da luzatu, mesedez ondo antolatu lan-zama garaiz iristeko. Lehenago emango bazenute asko eskertuko genizuke!

ORIENTAZIO OROKORRA:

Eusko Jaurlaritzaren dokumentuen arabera, irakasleok jasotzen duzuen formazioak ikasgelaraino iritsi behar du, ikasleenganaino. Hori dela eta, eskatzen du ikastaroko ideiak praktikara eramatea eta horren inguruko txostena idaztea. Baina gu ez gaude horrekin ados, uste dugu ikastaro bat egiteak ezin zaituela konprometitu nahitaez ikasitako hori gauzatzera (gerta liteke ados ez egotea!), eta gainera, uste dugu eraldaketa prozesuak ezin direla edozein momentutan jarri martxan, zerbait majikoa balitz bezala. Jakin behar da zein den momentu egokia zer egiteko eta nola, eta batez ere zertarako.

Hori dela eta, libreago uzten dugu amaierako zeregin hori. Foroan oso aktibo ibili zaretenok, eztabaidetan parte hartuz, hari berriak proposatuz, eta abar, beharbada nahikoa duzue zuen mezuak dokumentu bakarrean jaso eta horretan oinarrituta, azken hausnarketak txertatzea (mezuz mezu, amaieran... nahiago duzuen modura). Gai batek bereziki deitu badu zuen arreta eta horretan sakondu nahi baduzue, hori bera izan liteke lana. Ez du lan luzea izan behar, suposatzen da 5 orduko lan bat dela! Orduan, ikastaroan orain arte ordu gehiago sartu duzuenok, lan arinagoa egitearekin nahikoa izango da, eta ikastaroan gehiago ibili zaretenok irakurtzen idazten baino, beharbada ikastarokideen esanak hartuta zerbait ekoiztu beharko duzue zuen ikuspegiekin elkarlotzeko...

Tutoreok dokumentu hau bete beharko dugu banan-banako ebaluazio gisa, entregatutako lanarekin batera:

http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=835

Horrez gain, asistentzia/partehartzea eta aprobetxamendua baloratu behar dugu, ikastaroan GAI ala EZ GAI izan duzuen erabakitzeko. Inorekin zalantzarik izanez gero, geu jarriko gara harremanetan pertsona zehatz horrekin.

Lana foroan eskegi daiteke edo epostaz bidali Ainhoari (ainhoa.ezeiza@gmail.com).

Partaideren batekin zalantzarik baldin badugu, jarriko gara epostaz harremanetan. Nolanahi ere, mezu bat jasoko duzue gure plataformatik GAI/EZ GAI kalifikazioarekin, jakinaren gainean egon zaitezen, baieztapen modura.

EGIAZTAGIRIAK

Guk Eusko Jaurlaritzari zuen lanak, banan-banako ebaluazio labur bat eta aktak bidaliko dizkiogu. Eusko Jaurlaritza arduratuko da egiaztagiria bidaltzeaz, hortaz, bertan galdetu beharko duzue guk aktak bidaltzen ditugunetik aurrera, guk prozesu horretan parte hartzen ez dugunez, ez baitugu informaziorik.

AMAIERAKO ASEBETETZE INKESTA

Ikastaroaren amaieran, mezu bat bidaliko dizuegu asebetetze-inkesta betetzeko. Asko eskertuko genizueke inkesta hori betetzea; bertako erantzunak ere Eusko Jaurlaritzara bidali behar ditugu.

Dudarik baduzue, jarri nirekin harremanetan: ainhoa.ezeiza@gmail.com edo 635754847 telefonoan