IKASTAROARI BURUZ
3. astea: Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioa
Zergatik abiatu behar dugu ahozkotasunetik hizkuntzak ikasteko? Ahozkotasuna ez da "ahotik esaten denaren" baliokidea. Pentsatzeak, sentitzeak eta egiteak bateratzeko moduak.
Azpigaiak: Ahozkotasunaren dimentsioaniztasuna. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak. Diziplinartekotasunetik diziplinen ikuspegia gainditzera.
Aste honetan, hizkuntzen irakaskuntzako gai zehatzago batean murgilduko gara: ahozkotasunaren lanketaren garrantzia.
Orokorrean eskolan hizkuntza idatzizkotasunetik lantzen da, bai lehen hizkuntzak eta bai bigarrenak eta zer esanik ez atzerriko hizkuntzak. Pentsa daiteke hizkuntza bat ikasteko idatzizkotasunak laguntzen duela, idatziz ikasten dena gero ahoz esatea errazagoa delako. Baina ez da gauza bera ahozkoa eta ahozkotasuna.
Hau da gure proposamena:
- Irakurri aste honetako sarrera moduko testua: Ahozkotasuna eskolan
- Irakurri gure liburuxkako 26. orrialdetik 38ra. Bertan argitzen da nola egiten dugun lan klasean ilusionismo soziala deritzon lan egiteko modutik abiatuta. Artikuluan lehenago datorrenez, lana erraztearren hementxe duzue ilusionismo sozialaren definizioa:
"Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia partehartzaileak dituena (IAP bereziki -"Investigación-Acción Participativa" deritzon ikerketa-metodologia) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez; pentsamendua eta sentipena, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezberdindu ezin direlarik".
- Bideo honetan kontatzen dut Magisteritzan egin genuen lehen esperientzia, hezkuntzaren jabe-gabetzea eta ilusionismo soziala elkartuz:
Astean zehar, ideia da partekatzea zer egin dugun edota zer egin dezakegun ahozkotasunetik lan egiteko. Eskatuko nizueke esperientziak zehaztasun pixka batekin eta hausnarketaren laguntzaz argitzea, bestela azalean soilik geratzeko arriskuan egon gaitezke.
Asteko galdera nagusia da: NOLA LANDU AHOZKOTASUNA GEURE IKASGELAREN/ESKOLAREN TESTUINGURU ZEHATZEAN?