Inprimatu atal hauInprimatu atal hau

IKASTAROARI BURUZ

Ikastaroko oinarrizko datuak

Hizkuntzen irakaskuntza ingurune kulturanitzetan

35 ordu, 2018ko otsailaren 1etik martxoaren 9ra arte.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzak formazio programa honi ezarritako arauak. Komenigarria da arau hauek ezagutzea.

Aurrez aurreko saioak

Lehen asteko bi saioak aurrez aurrekoak izango dira:

Otsailaren 1a eta 2a, 16:30-20:30

Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko II Eraikina (lehengo Magisteritza Eskola), Oñati plaza 3, z.g., Donostia.

1.1 GELA

Gainerako lan guztia online izango da.

Aurrez aurreko bi saio hauek ez dira derrigorrezkoak ikastaroa gainditzeko, baina bai oso gomendagarriak ikastaroaren dinamikak ulertzeko. Saio hauetara etortzerik izango ez duten pertsonek lan osagarria egingo dute, ikastaroaren hasieran jakinaraziko dena ikastaroko Berrien Foroaren bitartez.

Astean 6 orduko lana egin behar da gutxi gorabehera, lehen astea izan ezik norberak erabakitzen duen moduan antolaturik. Dinamika oso erraza izango da: astero hainbat material duzue eskuragarri eta gai horren inguruko ikuspegia trukatu behar duzu, astero gutxienez bi mezu esanguratsu idatziz foroan (eta noski, kideen mezuak ere irakurri behar dira, elkarrekin eraikitzeko).

Tutorea: Ainhoa Ezeiza

Irakasleak: Ainhoa Ezeiza, Javier Encina eta Nahia Delgado

Ikastaroaren proposamena eta garapena: Javier Encina eta Ainhoa Ezeiza

Harremanetarako: Ainhoa Ezeiza ainhoa.ezeiza@gmail.com 635754847

1. Helburuak
Ikastaroaren helburuak finkatzeko, prest_gara deialdiko helburu nagusiak berrikusi dira, proposamen lerrokatua eta berritzailea egiteko:

  • Trebatzea hizkuntzetan espezialista diren irakasleak baliabide eta lan egiteko modu berrietan, ahozkotasunaren dimentsio anitzak nabarmenduta.
  • Irakasleekin partekatzea ikas-irakas prozesuen inguruan egin diren azken ikerketen ondorioak eta horiek ikasgelako lanean nola eragiten duten, modu praktikoan.
  • Irakasleak hizkuntza eta kultura aniztasuna asertibitatez, egokitasunez eta aberastasunez kudeatzen trebatzea, gizarte-testuinguru gero eta anitzagoetan eta konplexuagoetan planteatzen diren etengabeko erronkei modu etikoan erantzuteko.
  • Irakasleak deshazkundea, ekitatea, justizia soziala eta elkartasuna bizitzeko gaitasunetan prestatzea.
  • Hizkuntzen arteko bizikidetza ziurtatzea.
  • Unibertsitateak eta gainontzeko eragileak (hezitzaileak, irakasleak, gizarte langileak, familiak, auzokideak...) elkarlanean prestakuntza ekintzak sustatzea.
  • Lehen Hizkuntzaren eta Bigarren Hizkuntzen arteko transferentziak erraztea: ahozko eta idatzizko testuen ekoizpenerako bideak, IKTen laguntza-tresnak (itzulpenerako tresnak, ikus-entzunezko materialen erabilera, 2.0 komunikazioa...). Testu-moten ikuspegitik komunikazio ekintzen garapenera.


2. Gaiak

  • Kultura eta kulturak: estereotipoak, aurreiritziak, folkloreak... kulturen inguruan dugun ikuspegia zabaltzea. Kultura instituzionala, masa kultura eta kultura herrikoiak.
  • Hizkuntzaren didaktikaren oinarriak: ikuspegi normatiboa, komunikatiboa, partehartzailea.
  • Identitatea vs. identifikazioak. Disentsuan aurkitzeko moduak. Hizkuntzaren jabe-gabetzea.
  • Ahozkotasunean oinarritutako komunikazioaren garrantzia. Ahozko komunikazioak eta idatzizko komunikazioak.
  • Kultura aniztasuna ikasleekin eta ikasleengandik lan egiten denean: testuinguru eleanitzetan lan egiteko modu irekiak.
  • Ahozko historiak eta istorioak ikasgelako / ikastetxeko hizkuntza eta kultura baliabide gisa. Pentsatze, sentitze eta egiteen transferentziak.

3. Metodologia

  • Saioak online izango direnez, oso garrantzitsua da astean zehar ikastaroan sartu, materialak irakurri, debateetan parte hartu eta zure ikuspegi eta hausnarketak argitzea.
  • Laguntza teknikoa behar baduzu, larritzen bazara edo blokeatuta sentitzen hasten bazara, jarri tutorearekin harremanetan (ez dago zertan gaizki pasaturik!): ainhoa.ezeiza@gmail.com edo 635754847 (watxapa erabil dezakezu)
  • Ikastaroaren partaideek ahal den heinean praktikan jarriko dute ikastaroan landutakoa, eta euren jakintzak ikastaro kideekin partekatuko dituzte.
  • Oso gomendagarria da aurrez aurreko bi saioetara etortzea, otsailaren 1ean eta 2an, Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko II Eraikinean (lehengo Magisteritzan), 1.1 gelan, 16:30-20:30 (Oñati plaza, 3).
  • Ikuspegi dialektikoan oinarrituko gara ikastaroan zehar, eta hortaz, elkartzen garenokin eta garenongandik lan egingo dugu. Esperientzia pertsonala eta norberaren ikastetxeko egoera zehatza (edo aurretik ezagututakoak) izango dira abiapuntu, ikastaroko partaideen artean eztabaidatu, hausnartu eta aukera berrietara zabaltzeko. Ikastaroa praktikoa da eguneroko bizitzako egoerei lotuta dagoelako, baina aldi berean, egunerokotasuna kritikoki aztertuko da ikuspegi teorikoen laguntzaz.


4. Ebaluazioa

  • Ebaluazioa bera eztabaidagai garrantzitsu bat izango da: nola ebaluatu aniztasunean lan egiten denean?  Aldez aurretik finkatutako ebaluazio-adierazleen ikuspegia gainditu egin nahi dugu eta ebaluazioaren ikuspegi etikoa landuko da ikastaroan, errespetuzkoa, norberak kolektiboari egin dion ekarpena kontuan hartuta eta kolektiboak berak eraikitako jakintzen transferentziaren ikuspegitik.
  • Horrek eskatzen du dinamizatzaileon aldetik sentsibilitate handiz jokatzea eta sortzen diren aukerak probestea, ikasitakoak azaleratzeko eta balioesteko. Lan egiteko modu honek unean uneko eta lekuan lekuko ebaluazioa lantzen du eta amaierako dokumentazioaren bitartez hausnartuko dira prozesuan zehar gertatutako ikaskuntzak.
  • Bi zeregin mota egin behar dira:
    1. Asteroko lana: astez aste, gutxienez bi mezu esanguratsu idatzi behar dituzu aste horri dagokion foroan, eskainiko diren materialak eta norberaren esperientziak eta kezkak abiapuntu harturik.
    2. Amaierako lana: Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri behar dugun lana da, norberaren ikastetxean ikastaroan ikasitakoa nola baliatuko lukeen argituko duen txostena. Praktikara eraman diren elementuak ere jasoko dira txosten horretan.